COVID-19

COVID-19arekin hildakoak eta positibo eman dutenak gutxituz doaz etengabe

Astetik astera, nabarmen jaisten ari dira kopuruak; oraingoan, 31 hildako izan dira, eta 1.881 positibo.

Emakume bat maskararekin paseatzen, Donostian. GORKA RUBIO/FOKU
jone arruabarrena
2022ko abuztuaren 8a
15:34
Entzun

Koronabirus kasuak nabarmen behera doaz azken asteetan. Hain zuzen, 31 pertsona hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan abuztuaren 1etik 7ra COVID-19arekin, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitaratu dituen datuen arabera. Aurreko astean, berriz, 53 izan ziren gaixotasun horrekin hildakoak. Ospitaleetako presioak ere behera egin du: 286 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 9 ZIUetan—joan den astean 428 pertsona zeuden ospitaleetan COVID-19ak jota—.

Positibo kopuruari begiratuta ere, beheranzko joera bat ikus daiteke; 1.881 pertsonak eman dute positibo oraingo honetan, eta horietatik 1.305ek 60 urte baino gehiago dituzte. Joan den astean, guztira 2.730 izan ziren positibo eman zutenak. Izan ere, 14 eguneko intzidentzia tasa metatuak beheranzko joera hartua zuen azken asteetan, eta orain ere horrela jarraitzen du: 210,24 dela jaso du Eusko Jaurlaritzaren txostenak—310ekoa zen joan den asteko txostenean—.

Nafarroan, berriz, 1.244 kasu atzeman zituzten joan den astean. Han ere beherakada nabarmena izan da: %64 jaitsi da positibo kopurua aurreko astearen aldean. Intzidentzia jaistearekin batera, gutxitu egin ziren COVID-19aren ondorioz ospitaleratutakoak: 36 gaixo erietxeratu zituzten, aurreko astean baino %72 gutxiago —93 lagun ospitaleratu zituzten—. Koronabirusak jota hil direnei dagokienez, hamar gaixo zendu ziren: aurrekoan baino hamasei gutxiago.

Txertaketak

Azken astean 104 txerto pediatriko gehiago jarri dituztela jakinarazi du Jaurlaritzak. Guztira 142.981 ezarri dituzte pandemia hasi zenetik, eta, beraz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 5 eta 11 urte arteko haurren %48,8 daude txertatuta dagoeneko; 88.305ek jaso dute dosi bat gutxienez, eta 70.710ek bete dute pauta osoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.