AEB-ak

FBIk Donald Trumpen etxea miatu du

AEBetako presidente ohiak dokumentu klasifikatuen erabilera okerra egin ote duen ikertzen ari da Ikerketa Bulego Federala. Trumpi hiru urte arteko zigorra jar diezaiokete, dokumentu federalak ezkutatu dituela frogatzen bada.

Polizia, bart, Donald Trumpen etxearen kanpoaldean (Palm Beach, Florida, AEBak). JIM RASSOL / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko abuztuaren 9a
10:08
Entzun

Donald Trumpek Palm Beachen (Florida, AEBak) duen Mar-a-Lago oporlekuan sartu da FBI AEBetako Ikerketa Bulego Federala, eta kutxa gotorra ireki du. Herrialdeko presidente ohiak berak eman du albistea, ohar baten bidez: «Une honetan, FBIko agente talde handi bat Mar-a-Lago, Palm Beacheko nire etxe zoragarria, setiatzen, indarrez hartzen eta okupatzen ari da», gaitzetsi du.

Polizia Federala ikertzen ari da Trumpek dokumentu klasifikatuen erabilera okerra egin ote duen, The Washington Post-en arabera. Zehazki, ikertzen ari dira ea presidente ohiak dokumentu klasifikatuak eraman ote zituen bere etxera Etxe Zuria utzi zuenean. Auzitegi batek baimendu du operazioa.

Ikusi gehiago:Trumpen aurka zabaldutako auziak

Trumpek, bere ohiko tonuan, salatu du aurrez abisatu gabe egin dutela sarekada, eta gehitu du ez zela «ez beharrezkoa, ezta egokia ere». Esan du eskatu dioten guztian kolaboratu duela gobernuaren agentziekin. Horrez gain, Alderdi Demokratari egotzi dio justizia sistema bere aurka jartzea: «Garai ilunak dira gure nazioarentzat. AEBetako presidente bati ez zaio sekula gertatu horrelakorik. Demokratek ez dakite zer egin 2024ko presidentetzarako bozetara aurkeztea eragozteko».

Trumpen arabera, FBIk haren kutxa gotorra zabaldu du: «Horrelako erasoak Hirugarren Munduko herrialde batean bakarrik gerta daitezke. Zoritxarrez, AEBak herrialde horietako bat bihurtu dira orain; sekula ez dugu horrenbeste ustelkeria izan». Etxe Zuriak, ordea, ukatu egin du Joe Biden presidenteak operazioaren berri zuela. Baina, Palm Beach barrutiko fiskal ohi Wendy Olsonen esanetan, zail da pentsatzea FBIk horrelako operazio bat abian jarri izana froga sendorik gabe.

Hillary Clinton Estatuko idazkari ohiaren aurka ere jo du, eta esan du hari utzi ziotela 33.000 mezu elektroniko ezabatzen, Kongresuak mezu horiek eskatu arren. Berez, FBIk norbaiten etxea miatzeko agindua eska dezake, betiere uste baldin badu zabalik dagoen ikerketa batekin lotutako informazioa gordetzen dela toki horretan, edota arriskua baldin badago informazio hori suntsitzeko.

Baina beste baldintza batzuk ere bete behar dira auzitegi batek eskaria onartu ahal izateko: FBIk «argudio sendoak» behar ditu eskaria egiteko, edo miaketa horretan delitu baten frogak topatuko dituztela ziurtatu behar du; miaketa non egingo den zehaztu behar du, baita zeren bila dabiltzan ere; epaile «neutral» batek sinatu behar du agindua; miaketa legez kanpokoa izango da baldin etaaginduak ez badu jasotzen «delitutzat» har daitekeen ekintzaren bat egin den frogarik, edota ez baldin badu azaltzen zeren bila ari diren; agindua onartuko da baldin eta froga horiek eskuratzeko bestelako baliabideek haiek arriskuan jartzea badakarte.

Urtarriletik

Trumpen aurkako salaketa ez da gauza berria. Urtarrilean, AEBetako Artxibo Nazionalen eta Dokumentuen Administrazioak hamabost dokumentu kutxa berreskuratu zituen Mar-a-Lagotik, bi hilabeteren ondoren. Erakunde horretako ordezkarien arabera, Trumpek haiek entregatu behar zituen Etxe Zuria utzi zuenean.

Presidentetzaren erregistroen legearen arabera, gorde egin behar dira AEBetako presidente baten gutunak, oharrak, mezu elektronikoak, faxak eta beste hainbat komunikazio. Orain, Trumpek lege hori hautsi ote zuen ari dira ikertzen.

Hainbat hedabideren arabera, Trumpek 2024. urteko hauteskundeetara aurkezteko asmoa du, eta ikusteko dago prozesu judizial horrek nola eragiten duen horretan. Izan ere, presidentetzarako bozetara aurkezte hutsak auzipetua izatetik babesten ez badu ere, hauteskundeak irabazi eta karguaren zina egin ostean immunitatea izango luke. Bestalde, azken inkesten arabera, Joe Bidenen sostenguak gora egin duen arren —herritarren %39,6k babesten dute—, oraindik ere gehiago lirateke Trump babesten dutenak: %42.

Dena den, ez dago argi presidentetzara aurkezteko aukera izango ote lukeen auzipetu edota zigortu egingo balute. Hauxe jasotzen du AEBetako Zigor Kodearen 2071 atalak: delitua da gobernuaren dokumentu edo artxiboen jabe den edonork horiek «borondatez eta legez kontra ezkutatzea, kentzea, murriztea, ezabatzea edo faltsutzea»; zigortua izanez gero, akusatuari hiru urte arteko espetxe zigorra jar dakioke; akusatuak bulego federal batean lan egiten badu, kargua galduko du, edota ezin izango du gehiago kargu federal batean aritu.

Alabaina, bestelakoa da presidentetzara aurkezten direnen kasua. Konstituzioak hiru ezaugarri ezartzen ditu presidentetzara aurkeztu nahi duen ororentzat: AEBetakohiritarra izan behar du sortzez, hamalau urtez bertan bizitakoa eta 35 urtetik gorakoa. Gorenaren arabera, Kongresuak ezingo lituzke aldatu baldintza horiek —bai, aldiz, presidente bat kargutik kendu, auzi politiko baten bidez—; eta, bai, Zigor Kodearen 2071 atala Kongresuak onartutako lege bat da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.