Meteorologia

Euskal Herria alertan da tenperatura beroengatik

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan alerta horia ezarri dute; Nafarroan ere bai, eta Ipar Euskal Herrian, berriz, alerta laranja. Bihar gora egingo dute termometroek.

Termometro bat, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Nagore Arin.
2022ko abuztuaren 10a
10:21
Entzun

Uda hasiz geroztik hirugarrenez, Euskal Herria alertan da tenperatura beroengatik: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan alerta horia ezarri dute, Nafarroan ere bai, eta Ipar Euskal Herrian alerta laranjara igo dute datozen orduotarako espero den bero saparen ondorioz eginiko ohartarazpena.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 13:00etatik aurrera aktibatuko dute alerta horia. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko ordezkariek aurreratu dute eguerditik aurrera egingo dutela gorantz termometroek. Aurreikusi dute barnealdean termometroak 36 gradura ere iritsiko direla, eta kostaldean, berriz, 31 gradura. Arabako Errioxan ere termometroek goia joko dutela esan dute.

Nafarroan, Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak lau abisu hori aktibatuko ditu. Lurraldearen erdialdean, Erriberan eta isurialde atlantikoan termometroak 36 gradura iritsiko direla aurreikusi dute, eta Pirinioan, 34 gradura.

Ipar Euskal Herrian, Meteofrance Frantziako Meteorologia Agentziak maila laranjara igo du alerta. Pirinio Atlantikoen Departamentuan aktibatu du, eta ohartarazi du ekaitz arriskuarengatik ere abisupean egongo dela eremu hori.

Bihar tenperatura altuek gora egiten jarraituko dutela esan dute meteorologoek, eta abertitu dute litekeena dela termometroek 38 gradu markatzea Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean, eta 32 gradu kostaldean. Ostiralean ere antzera egongo dira termometroak: 38 gradura iritsiko dira Araba hegoaldean, eta 37 gradura Arabako gainerako eremuetan; Bizkai eta Gipuzkoa barnealdean, berriz, 34 gradura iritsiko dira, eta kostaldean, 27 gradura.

Nafarroan ere aurreikuspen bertsuak egin dituzte. Ostiralean, berriz, zertxobait apalduko dira termometroak, eta Erriberan eta Nafarroako erdialdean bakarrik eutsiko diete tenperatura beroengatik ezarritako abisuei.

Baso suteak

Tenperatura beroengatik ez ezik, baso suteen arriskuagatik ere ohartarazi dute agintariek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 14:00etatik aurrera jarriko dute indarrean abisu hori, eta bihar arte luzatuko dute.

Nafarroan ere abertitu dute baso suteak sortzeko arriskuaren inguruan; izan ere, beroak eta hezetasun maila baxuak eraginda, arrisku hori are gehiago handitu da lurraldearen ipar-mendebaldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.