Lan istripuak

Errenteriako eta Elgoibarko lan heriotzak salatu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru Errenterian bildu dira. Salatu dute lan heriotzek ez dutela «etenik».

Sindikatuen elkarretaratzea Errenterian, lan heriotzak salatzeko. LAB
Julen Otaegi Leonet.
2022ko abuztuaren 10a
14:41
Entzun

Azken egunotan bi behargin hil dira lan istripuz, eta sindikatuek langileok oroitu eta heriotzok gaitzetsi dituzte gaur eguerdian, Errenteriako (Gipuzkoa) Udal plazan. ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru bildu dira han, Lan-istripu gehiagorik ez. Prekaritatea hiltzailea lelopean. «Lan heriotzek ez dute etenik», salatu dute sindikatuek. Horiek egindako zenbaketaren arabera, Euskal Herrian jada 49 behargin hil dira lanean ari zirela.

Elkarretaratuek enpresei leporatu diete langileen segurtasuna eta osasuna «ahaztu» egiten dituztela. Administrazio publikoei ere erantzukizuna eskatu die: «Non daude Osalan eta Lan Ikuskaritza? Zer dio Eusko Jaurlaritzak ardura berea izanik? Beti bezala, ezer ez», galdetu du LABeko lan osasuneko arduradun Inko Iriartek. ELAk ohar bidez adierazi duenez, administrazioak «mota guztietako irregulartasunak baimentzen ditu, inongo jarraipen zein kontrolik gabe».

Lehen langilea, 49 urteko eraikuntza langile bat, herenegun hil zen Errenterian, aldamioko igogailuaren zulotik erorita. Bigarrena, 61 urteko garraiolari bat, errepide istripu batean hil zen Elgoibarren (Gipuzkoa). Kamioia A-8 autobidetik irten eta N-634 errepidera erori zen. Bi zihoazen kabina barruan: kopilotua hilda aurkitu zuten suhiltzaileek, eta gidaria larri eraman zuten Donostia ospitalera.

Jaurlaritzaren erantzuna

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak lan heriotzez jarduteko tartea izan du Radio Euskadin. «Agian protokolo batzuk hobetu behar direla? Beharbada beharrezkoa da, baina enpresaren aldetik ere bai; ez dezagun ikuskaritzaren partea soilik ikusi». Haren arabera, lan osasuna bermatzeko neurriak ezarri behar dira, baita «kontzientziazio pertsonala» lortu ere. «Ikuskaritza bai, baina kontzientziazioa eta lanketa arlo bakoitzean», erantsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.