Hilberria

Miren Iriarte itzultzailea hil da

Elena Ferranteri eta Fleur Jaeggyri lan bana ekarri zien euskarara, baita euskarazko hainbat lanen gaztelerazko itzulpenak eman ere. Senide eta lagunek gaur eman diote azken agurra, Iruñeko hilerrian.

Miren Iriarte, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2022ko abuztuaren 10a
15:37
Entzun

Iruñean jaio zen Iriarte, 1978an. Kazetaritzako lizentzia lortu zen EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, 2000. urtean, eta Itzulpengintza Masterra egin zuen gero unibertsitate berean, baita Literatur Itzulpengintzako Graduondokoa ere, Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean. Bi urtez Euskaldunon Egunkaria-n kazetari aritu ostean, itzulpengintzari ekin zion, zenbait enpresa eta erakundetarako lanean, lehenik, eta Iruñeko Udaleko Itzulpen Zerbitzuan, gerora. Euskaratik, gaztelaniatik eta italieratik askotariko testuak itzuli zituen, gaztelaniara eta euskarara. Euskaratik beste hizkuntzetarako literatur itzulpengintza sustatzeko Idazlea Itzultzaileen Lantegian ekimenean parte hartu zuen 2014an, Danele Sarriugarteren Erraiak liburuaren lehen atala gaztelaniaz jartzeko. Halaber, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen elkarteko zuzendaritza batzordean jardun zuen 2013tik 2014ra.

Bere ibilbidean, euskarazko zenbait literatur lan gaztelerara eraman zituen, tartean Sarriugarteren Erraiak 2019an eta Zer gertatzen da K herrian ilargi beteko gauetan? 2020an; Samara Velteren Nik sinesten dizut: bortxaketaren kultura eta Sanferminetako kasua 2019an; eta Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik 2021ean. Halaber, italieratik bi liburu ekarri zituen euskarara: Elena Ferranteren Ihesi doana eta gelditzen dena (2016); eta Fleur Jaeggyren Proleterka (2018), Fernando Reyrekin lau eskutara, Literatura Unibertsala bildumarako.

Hain zuzen, haren lagun eta lankide Reyk eta Amaia Apalauzak hitz batzuk eskaini dizkiote Iriarteri, Iruñeko hilerrian gaur egin dioten agurrean —senideak ere mintzatu dira bertan—. Iriarte bai lagun bai ofiziokide izan dutenek «zorte handia» izan dutela adierazi du Apalauzak: «Miren, gurekin, denekin segur aski, xaloa izan da, maitagarria, zintzoa, ausarta, gardena, indartsua, bihotz-zabala». Haren heriotzak eragindako mina eta, aldi berean, hura ezagutzea izan den plazera, uneotan biak nahasian sentitzen dituztela adierazi du Reyk, eta Cora Coralina poeta brasildarraren gogoeta bat irakurri du agur ekitaldian, bizitzari buruzkoa.

Jaeggyren liburua elkarrekin itzuli izanak «harremana estutzeko» balio izan ziela azaldu dio Reyk BERRIAri, eta oso oroitzapen ona gorde duela: «Oso lankide ona zen, oso apala, eta oso ongi moldatu ginen. Pertsona xaloa zen, sentibera, baina indar handikoa, bizitzaren zailtasunei bizipozez eta jakinduriaz aurre egin ziena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.