Demografia

3.500 pertsona baino gehiagoko migrazio saldo positiboa du EAEk

Eustatek jakinarazi duenez, immigranteen eta emigratzaileen erdiak baino gehiago 40 urtetik beherakoak eta gizonezkoak dira.

Iaz migratzaile gehiago heldu ziren EAEra, joan zirenak baino. IñIGO URIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2022ko abuztuaren 10a
16:02
Entzun

Eustatek argitaratutako datuen arabera, iaz gora egin zuten immigrazioak eta emigrazioak, aurreko urteko joerekin alderatuta: 2020an baino 4.206 pertsona gehiago etorri ziren kanpotik Euskal Autonomia Erkidegora 2021ean, eta 2020an baino 5.130 pertsona gehiago irten ziren EAEtik —kontuan hartzekoa da 2020a pandemiako lehen urtea izan zela, eta mugikortasuna nabarmen mugatuta egon zela—. Hala ere, 2021ean, gehiago izan ziren kanpotik etorritakoak, EAEtik joatea erabaki zutenak baino. Hortaz, migrazio saldo positiboa izan zen EAEn iaz; hau da, immigranteak emigratzaileak baino gehiago izan ziren: 3.588 pertsonakoa izan zen saldo positibo hori.

EAEko migrazio saldo orokorra positiboa izan bazen ere, zenbait eskualdetako egoera bestelakoa izan zen. Bilbon, adibidez, migrazio saldo negatiboa izan zuten, 35 pertsonakoa. EAEren eta Espainiako gainerako autonomia erkidegoen arteko mugimenduei begira, migrazio saldoa negatiboa izan zen, 500 pertsona baino gehiagokoa. Hau da, gehiago izan ziren EAEtik alde egin zutenak, iritsi zirenak baino. EAEk atzerriko herrialdeekin izandako mugimenduei dagokien saldoa, ordea, positiboa izan zen, 4.161 pertsonakoa.

EAEtik joandako pertsona gehien hartu zituzten autonomia erkidegoak hauek izan ziren: Gaztela eta Leon, Madril, Kantabria eta Katalunia. Aldi berean, eskualde horietatik zetozenak izan ziren EAEra etorri zirengehienak.

Profila

Eustaten datuen arabera, emigratzaile nahiz immigrante gehienak 40 urtetik beherakoak izan ziren; batez beste, 37,7 eta 34,1 urtekoak, hurrenez hurren. Erdiak baino gehiago, gainera, gizonezkoak izan ziren. Emigratzaileen %45 eta immigranteen %58 atzerritarrak izan ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.