Osasungintza

Osakidetzaren LEParen zerrendak abuztuan argitaratu izana salatu dute

Langileen oporraldia ez errespetatzea leporatu dio Satse sindikatuak Osakidetzari

Osakidetzaren Lan Eskaintza Publikorako proba bat. JUANAN RUIZ / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko abuztuaren 11
10:49
Entzun

Osakidetzak abuztuan argitaratu ditu 2018-2019ko lan eskaintza publikoko azterketa gainditu dutenen zerrendak. Orain, gainditu dutenek dokumentazioa aurkeztu behar dute, eta emaitzarekin ados ez daudenek erreklamazioak eta inpugnazioak aurkezteko aukera izango dute, baina hori guztia hil honetan egin beharko dute, abuztuaren amaieran bukatzen baita horretarako epea. SATSE erizainen sindikatuak Osakidetzaren jokabidea kritikatu du, eta «langileen oporraldia ez errespetatzea» leporatu dio.

Probak ekainean eta uztailean egin zituzten, eta orduan hori ere kritikatu zuen SATSEk, prozesua udan egiteak hainbat langile oporrak aldatzera behartu zituelako. «Azterketa egin ondoren, osasun langileek espero zuten prozesuaz denbora batez ahaztea», azaldu du sindikatuak, «baina, orain, dokumentazioa fisikoki aurkeztu behar dute. Beraz, norbait bidaian badago, gobernu ordezkaritza bat bilatu beharko du, edo norbaiti eskatu bere partez emateko». Ez hori bakarrik: SATSEren arabera, litekeena da oporretan dauden batzuek albistearen berri ez izatea edo dokumentazioa abuztuan aurkeztu behar dela ez jakitea.

Osakidetzak argudiatu du abuztua ere hil balioduna dela horrelako prozesuak egiteko. SATSEren iritziz, berriz, «axolarik eza» erakusten du horrek, «langileak azken urteotan egiten ari diren lan gogorraren ondoren». Sindikatuaren aburuz, orain «presa» sartu zaio Osakidetzari, eta prozesua arindu nahi izan du datak kontuan hartu gabe. Epea gutxienez irailaren amaierara arte luzatzeko eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.