Fenomeno meteorologikoa

Pertseidak eta superilargia ikusi ahalko dira zeruan gaurtik larunbata bitarte

Superilargia dela eta, Pertseida distiratsuenak baino ezingo dira ikusi. Adituek ez dute gomendatzen teleskopio edo antzeko tresnarik erabiltzea Pertseiden behaketarako.  

Pertseida bat zerua zeharkatzen. PETER KOMKA / EFE
Lide Egizala Urteaga.
2022ko abuztuaren 11
12:05
Entzun

Gaurtik larunbata bitarte izango da Pertseidak ikusteko aukera gehien zeruan. Argi kutsaduratik urrun dauden lekuetan, orduko 50 Pertseida ikusi ahal izango dira. Hala ere, ilargia eragozpen izango da, eta Pertseida distiratsuenak baino ezingo dira ikusi.

Jose Maria Madiedo Andaluziako Astrofisika Institutuko ikertzaileak azaldu duenez, behaketa baldintzak «egokiak» balira, orduko «100 izar iheskor inguru» ikusi ahalko dira, baina, «ilargiaren distira» dela eta, ikus daitezkeen Pertseiden benetako kopurua «50ekoa izango» da.

Adituek jakinarazi dutenez, ikuskizun astronomiko horrekin gozatzeko ez da tresna optikorik behar. Are gehiago, NASAk ez du gomendatzen teleskopio edo antzeko tresnarik erabiltzea, ikuseremu mugatua dutelako. Nahikoa izango da ahalik eta iluntasun handieneko eremuetan kokatzea eta zerura behatzea. Izar iheskorrak zeruko edozein lekutan ager daitezke, baina izena ematen dien Pertseo konstelazio inguruan hasten direla emango du.

Ikusi gehiago: Pertseidak ikusteko aukera izango da aurtengo udan ere

Superilargia

Egun hauetan fenomeno ugari ikusi ahalko dira zeruan. Pertseidez gain, superilargia ikusteko aukera ere izango da; 2022ko hirugarrena eta azkena, Esturionen ilargia deritzona.

Ilargi betea Lur planetatik gertuen dagoen unea izango da, eta, hala, gaurtik biharko gauean, Ilargia ohi baino handiago eta distiratsuago ikusiko da.

Esturion izenak Ipar Amerikako tribu batzuetan du jatorria. Abuztuan, espezie horretako arrainak arrantzatzen zituzten ipar hemisferioko aintziretan, eta, horrela, Ilargiari Esturion deitzea erabaki zuten. Ilargi bakoitzak izen desberdina hartzen du hilabetearen, historiaren eta kondairen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.