Mexiko

Mexikon, hamar meatzari erreskatatzeko lanak eten behar izan dituzte

Ekaitz bat dela medio, bertan behera utzi behar izan dituzte erreskate lanak. Coahuilako estatuko meategi batean istripu bat gertatu zen abuztuaren 3an, eta ura sartu zen barrura. Hamar meatzari daude harrapatuta, eta, ura ponpatu ostean, atzo hasi zuten erreskatea. Iaz beste zazpi hil ziren, antzeko moduan, estatu bereko beste meategi batean.

Sabinasko meategiko erreskate lanak, abuztuaren 12ko irudi batean. MEXIKOKO BABESGO ZIBILA
mikel p ansa
2022ko abuztuaren 12a
23:53
Entzun

Abuztuaren 3az geroztik, ikatz meategi batean harrapatuta daude hamar meatzari, Coahuilako estatuan. Sabinas herrian dago meategi hori, eta duela ia hamar egun jausi egin zen, eta urak hartu zuen ia erabat. Hamabost langile ari ziren lanean une hartan barruan; bostek lortu zuten ihes egitea eta kanpora ateratzea. Beste hamarrak barruan harrapatuta daude harrezkero.

Erreskate taldeak eta boluntarioak meategian lanean aritu dira harrezkero, etenik gabe, meatzariak atera nahian, baina egin dituzten saiakera guztiak alferrik izan dira. Ostiraletik larunbaterako gauean, Euskal Herrian 01:00a zenean, gainera, bertan behera utzi behar izan zituzten erreskate lanak, euri ekaitz baten ondorioz. Inguruan putzu ugari egin dira, eta agintariek erreskatea etetea erabaki dute. Ia zazpiehun lagun aritu dira erreskate lan horietan laguntzen, suhiltzaile, militar, ingeniari, meatzari eta bestelakoen artean. Besteak beste, ura ponpatzen ari dira, meategia husteko, eta milaka eta milaka litro atera dituzte; egunean 30.000 metro kubo ur ateratzen ari dira.

Ostiral honetan, abuztuak 12, Mexikoko Gobernuko ordezkariek jakinarazi dute meategi barruko uraren gehiena, %97 haien hitzetan, ateratzea lortu dutela, eta beste erreskate saiakera bat egiteko moduan egon zitezkeela aurki. Euskal Herrian ostiraleko 23:00 inguru zirenean hasi dira militar batzuk barrura sartzeko prestatzen. 01:00a aldera, ordea, bertan behera utzi behar izan zuten operazioa, ekaitzagatik.

Erreskate taldeak lanean ari diren putzuetako bat, abuztuaren 5ean. ANTONIO OJEDA / EFE

Joan den asteazkenean, buzo bat sartu zen putzuetako batean, egoera ikusteko, baina erreskatea saiatzea ezinezkoa zela erabaki zuten. Ostegunean bi militar eta boluntario bat sartu ziren barrura, buzoak jantzita, meategiaren egoera ikusteko eta traban egon zitezkeen hagak eta bestelakoak kentzeko. Ezin izan zuten askorik egin, eta ez ziren langileenganaino iritsi. Ura ponpatzeko bonba handi bat sartzea lortu zuten, dena den.

Ez dakite meatzariak hilik edo bizirik ote dauden, baina ia hamar egun badira ezbeharra gertatu zela. 40 urtetik gora dute seik, 34 urte du beste batek, eta gazteagoak dira beste hirurak: 22, 24 eta 29 urte. Gazteenak Jose Rogelio Moreno Morales izena du, eta Jose Rogelio Moreno Leija aitarekin batera gelditu da harrapatuta meatze barruan. Meatzarien senide asko han inguruan daude egunotan, eta batzuk kexu agertu dira, lanak asko atzeratzen ari direlakoan.

Meatzariak eta erreskate taldeko langileak, abuztuaren 9ko irudi batean. ANTONIO OJEDA / EFE

Azkeneko istripua, iaz

Coahuilako estatuko meatzeek sortzen dute herrialdeak kontsumitzen duen ikatzaren %90, eta kexak ere ez dira gutxi. Badira hiru hamarkada baliabide horiek ustiatzen hasi zirela eskualdean, eta ehun langile baino gehiago hil dira jardun horretan. 2006an, beste ezbehar batean, hirurogei meatzari hil ziren. Haien senideek elkarte bat sortu zuten orduan, Familia Pasta de Conchos.

Ikatza ustiatzeko meategietan gertatzen diren irregulartasunak eta segurtasun falta salatzen ari dira harrezkero. Cristina Auerbach elkarte horretako zuzendariak Efe albiste agentziari hala esan zion: «Meategi hauek ez dituzte segurtasun eta higiene baldintzak betetzen». Iaz bertan, beste meategi bateko hormak eta sabaia lehertu egin ziren, Muzquizen (Rancherias, Coahuila), eta ura sartu zen barrura, uharka. Han lanean ari ziren zazpi meatzariak hil ziren orduan.

Bestela ere irregulartasunak agertzen ari dira meategiaren inguruan, eta Mexikoko Fiskaltzak ostiral honetan jakinarazi du inputatu egingo duela El Pinabete enpresaren ustezko jabea. Cristian S. izeneko gizon bat identifikatu dute; izan ere, baina ez dakite enpresaren kudeaketan zenbaterainoko ardura duen. Fiskaltzaren ustez, El Pinabete enpresa horrek «nazioaren ondasun bat» ustiatu du legez kontra.

Meatzari baten senideek jarritako kandelak eta irudiak, abuztuaren 10eko argazkian. ANTONIO OJEDA / EFE

Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak ere hitz egin du ezbeharrari eta irregulartasunei buruz. Ziurtatu du enpresaren jabeek istripuaren ondoren erregistratu zituztela hamar meatzari galduak Mexikoko Gizarte Segurantzan. Antza, fiskaltzak identifikatutako Cristian S. delako gizon horrek egin zuen tramite hori. Baina gizon hori «pagaburu bat» dela uste duela esan du Lopez Obradorrek, eta ez dela «inpunitaterik» izango inorentzat.

Mexikoko Gobernuko Laneko Idazkaritzak jakinarazi du 2019tik 27 meategi ixteko eskatu duela Coahuilako estatuan, «segurtasun neurriak modu larrian urratzeagatik». Horietatik hamabi itxi dira urteotan, baina hamabostek lanean jarraitzen dute. Meatze horiek behar besteko kontrol publikorik ez dutela salatu dutenei erantzunez, Idazkaritzak azaldu du azkeneko hiru urteetan 979 ikuskapen egin dizkiela gobernuak meategiei; horietatik 379 egin dituzte Coahuilan.

Galdutako meatzarien senideak, kandelak eskuetan, abuztuaren 11n. ANTONIO OJEDA / EFE

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.