Afganistan

Talibanek airera tiro eginez sakabanatu dute emakume talde bat Kabulen

Urte bat beteko da astelehenean talibanak gobernura iritsi zirenetik Afganistanen, eta hainbat emakumek martxa bat egin dute hiriburuan.

Hainbat emakume Kabulen, artxiboko argazkian. STRINGER / EFE
2022ko abuztuaren 13a
14:15
Entzun

Kolpeka eta airera tiro eginez sakabanatu dituzte gaur Afganistanen manifestazio bat egiten ari ziren hainbat emakume. Urtebete beteko da astelehenean talibanek herrialde hiriburua hartu eta agintera heldu zirenetik, eta, ordutik, are murritzagoak dira emakumeen eskubideak Afganistanen. Urteurrena dela eta, manifestazio bat egin dute dozenaka andrek Jana, lana eta askatasuna lelopean Kabul hiriburuan, eta tiroka desegin dute talibanek.

Afghan Peace Watch gobernuz kanpoko erakundearen arabera, zaurituak ere izan dira martxa sakabanatu dutenean.

Nazioarteko tropak erretiratzen hasi baino lehen ere, giza krisi larria zuten Afganistanen, urteetako gerraren, lehorteen, elikadura segurtasunik ezaren eta barne desplazatuen ondorioz. 2021eko abuztuaren 15ean talibanek agintea hartu zutenetik, berriz, nabarmen okerrera egin du egoerak. Bertan behera geratu ziren nazioartearen diru laguntzak, BPG barne produktu gordinaren %45 inguru.

Egoera horretan, emakumezkoak dira egunerokoan oztopo gehien dituztenak. AI Amnesty Internationalen Heriotza pauso geldian txostenaren arabera, azken hamabi hilabeteotan ia erabat desagerrarazi dute emakumeen hara-hona ibiltzeko askatasuna, eta itxi egin dituzte neskentzako bigarren hezkuntzako eskolak. Horrez gain, emakume eta gizonek debekatua dute elkarrekin lan egitea, eta haur parkeak ere sexuen arabera bereizi dituzte.

Ikusi gehiago:Baztertuetan baztertuenak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.