Albistea entzun

AEB

FBIk sekretupeko dokumentuak eraman ditu Trumpen Mar-a-Lago etxetik

AEBetako presidente ohia ikerketapean dago, ustez espioitza legea urratzeagatik. Floridako etxean atzeman dioten dokumentazioaren edukia defentsa arloko gaiekin lotuta dago, besteak beste.

FBIko bi agente Donald Trumpen Mar-a-Lago etxearen atarian (Palm Beach, Florida), joan den asteartean.
FBIko bi agente Donald Trumpen Mar-a-Lago etxearen atarian (Palm Beach, Florida), joan den asteartean. CRISTOBAL HERRERA-ULAXKEVITX/EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2022ko abuztuak 13 15:52

FBI Ikerketa Bulego Federala Donald Trump AEBetako presidente ohiaren Mar-a-Lago luxuzko etxera (Palm Beach, Florida) sartu zen joan den astelehenean. Agintari ohia ikerketapean da, ustez espioitza legea urratzeagatik, eta agente federalek sekretupeko hainbat dokumentu sorta atzeman zituzten Trumpen etxean. Hala jakin zen atzo gauean, ikerketaren arduradun den epaileak miaketa egiteko baimena publiko egin zuenean.

Dokumentu horrek zerrendatzen du FBIk Mar-a-Lagotik eraman duen materiala: hogei kutxa baino gehiago guztira, argazki koadernoak, eskuz idatzitako ohar bat, «Frantziako presidentearekin» lotutako informazioa eta sekretupeko zenbait dokumentu sorta, besteak beste.

Miaketa baimenak jasotzen du FBI gisa horretako materialaren bila sartu zela Trumpen etxera, espioitza legea urratu izanaren proben bila. Lege horrek debekatu egiten du segurtasun nazionalerako arriskutsua den informazioa dagokion tokitik kanpo gordetzea edota transmititzea. Trumpek delitu horiengatik ezar daitezkeen kondenak gogortu zituen bere agintaldian; bost urterainoko espetxearekin zigor daitezke.

Epaileak dokumentuan argitzen du miaketa etxeko «45 bulegoa» delakora eta biltegietara mugatu zela, baina FBIk ez zituela miatu gonbidatuentzako eremuak.

Ez da ohikoa izaten ikerketa bat abian den artean epaile batek miaketari buruzko xehetasunak publiko egitea, baina AEBetako Justizia Departamentuak hala egiteko eskatu zuen joan den asteazkenean, albisteak eragin zuen harrabotsagatik.

Trumpek txalotu egin du miaketa baimena publiko egin izana, eta ukatu egin du sekretupeko dokumentazioa bere etxean gorde duenik. Azaldu duenez, informazio hori desklasifikatu egin zuen oraindik presidente karguan zegoenean.

Alderdi Errepublikanoan gaiari buruz mintzatu diren ahotsek presidente ohia babestu dute auzian, eta haren hurbileneko aliatuek salatu dute ikerketaren atzean arrazoi politikoak daudela. Finean, Trumpi 2024an presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztea galarazi nahi diotela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Donald Trump presidente ohia, martxo hasieran, Marylanden, Kontserbadoreen Ekintza Politikorako Konferentzian. ©JIM LO SCALZO / EFE

Trump auzitara eroskeriagatik

Arantxa Elizegi Egilegor Gorka Berasategi Otamendi

2016ko bozen atarian pornografian aritzen den aktore bati ordaintzea egotzi diote AEBetako presidente ohiari. «Jazarpen politikoaren biktima» dela salatu du buruzagi errepublikanoak
Ukrainako bi polizia, aurreko asteartean, Sloviansken. ©MARIA SENOVILLA / EFE

Errusiaren iritziz, gatazka da bere helburuak lortzeko duen «bitarteko bakarra»

Igor Susaeta

Kremlinek esan du Txinak Ukrainako auzia konponbidean jartzeko aurkeztu duen planaren alderdi batzuk «gauzaezinak» direla, «oraingoz»
 ©JUAN CARLOS HIDALGO / EFE

«Marokorekin genuen krisi sakona gainditu dugu»

Ricard Gonzalez

Buruzagi sozialista ez da damu Mendebaldeko Sahararekiko jarrera aldatu izanaz, alderantziz baizik. Haren esanetan, «errespetuan» oinarritutako harremana nahi du Madrilek auzokoekin.
Wedell itsasoa, Ozeano Antartikoan ©Falklands Maritime Heritage

Ozeano Antartikoko ur fluxua %40 murriztu liteke 2050erako

Berria

Ikerketa baten arabera, ozeano sakoneko ur fluxuen geldotzeak «ondorio larriak» ditu mundu osoko kliman

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.