Kurdistan

Kobane bonbardatu eta gutxienez bost lagun hil ditu Turkiak

Hamabi urteko haur bat dago hildakoen artean. YPGko miliziek jakinarazi dute sei soldadu turkiar hil dituztela borroketan.

SDFko kideak, Siriaren eta Turkiaren arteko mugan. AHMED MARDNLI / EFE
Hodei Iruretagoiena.
2022ko abuztuaren 16a
16:49
Entzun

Turkiako armada Kobane hiria eta inguruak bonbardatzen hasi da, eta gutxienez bost lagun hil ditu, 12 urteko haur bat tartean. Turkiako soldaduak bart gauean hasi dira erasoan, Kobane erdialdean eta Turkiako mugaren inguruko herrietan, Siriaren menpeko Kurdistanen. Gaur ere jarraitu dute erasoan. ANHA berri agentzia kurduak zehaztu duenez, Kobane ekialdeko Zorava eskualdean hil dute 12 urteko haurra, eta beste lau lagun ere zauritu dituzte eraso berean.

SDF Siriako Indar Demokratikoek ziurtatu dute jakina zela duela astebetetik Turkiak eraso egingo zuela. «Prestatzen ari ziren», esan du Farhad Shami bozeramaileak, eta ziurtatu du erantzun egingo dutela. «Lehen ere esan dugu Turkiako estatu okupatzailearen erasoak ez direla erantzunik gabe geratuko. Bereziki, zuzenean zibilak dauden guneei eraso egiten badiete, hala nola ospitaleei eta jendearen etxeei».

Shamik azaldu du Turkiaren helburua dela kurduak beren etxebizitzak uztera behartzea, eta herritarrei eskatu die «irmo» eusteko.

YPG Herriaren Babes Unitateek jakinarazi dute sei soldadu turkiar hil dituztela Werkhele eskualdean.

Turkiak uztailean jada mehatxu egina zuen, esan baitzuen Sirian operazio militar bat egingo zuela berehala: «Beste pauso bat ematen ari gara 30 kilometroko segurtasun eremu bat ezartzeko —aurrera eginez—, hegoaldeko gure muga osoan barrena».

Ikusi gehiago:Erdoganek berriz egin dio mehatxu Siriari

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.