BPG-a

Euroguneak hazten jarraitzen du, baina motel

Bigarren hiruhilekoan %0,6 handitu da BPGa. Alemaniak sortzen du kezkarik handiena, hango ekonomia ez baita hazi.

Merkantzietarako ontzi bat, Rhin ibaian, Alemanian. RONALD WITTEK / EFE
jokin sagarzazu
2022ko abuztuaren 17a
17:36
Entzun

Atzeraldi hotsak gero eta ozenago entzuten dira eurogunean, baina oraingoz eusten dio hazkundeari: aurtengo bigarren hiruhilekoan %0,6 handitu da barne produktu gordina (BPG). Hazkunde apala da, eta iragarri baino hamarren bat okerragoa, baina urteko lehen hiru hilabeteetako %0,5 baino handiagoa. Hori horrela, euroa erabiltzen duten hemeretzi herrialdeek oraingoz eutsi egin diete Ukrainako gerraren lehen kolpeari —otsail amaieran hasi zen— eta energiaren prezioetan iaztik izaten ari den neurrigabeko igoerari.

Beste ekonomia handiekin konparatuta, eurogunea ez da salbuespena. Hiruhileko berean, AEBetako BPGak bi hamarren galdu ditu, eta atzeraldi teknikoan sartu da, urteko lehen hiruhilekoan lau hamarren galdu ondoren. Herrialdeko ekonomia iazko uztailean iritsi zen pandemia aurreko datuetara. Eurogunean aurtengo urtarrilean gertatu zen hori, baina herrialde batzuk behetik jarraitzen dute oraindik. Txinako ekonomia ere ez dago unerik gozoenean, pandemia hasi zenetik lehen kontrakzioa izan baitu bigarren hiruhilekoan: -%2,6koa.

Eurogunean begirada guztiak Alemanian jarrita daude. Herrialdeko ekonomia ez da hazi bigarren hiruhilekoan (%0), eta gero eta zailtasun gehiago ditu atzeraldiaren mamutik aldentzeko. Energia hornidurarekin dituen arazo larriei eta inflazio handiari gehitu zaizkie Europa osoa pairatzen ari den beroaldiaren ondorioak. Alemanian horniduran du eragin nabariena: ibaietatik egiten da, Rhinetik bereziki, eta ur emarien jaitsierak ia ezinezkoa egin du hainbat lehengai eta ondasun garraiatzea.

Eurostatek asteazken honetan jakinarazitako datuen arabera, beste herrialde batzuk egoera hobean daude urtearen bigarren erdiari aurre egiteko. Frantzia %0,5 hazi zen bigarren hiruhilekoan, lehen hiruhilekoan %0,2 murriztu ondoren; Espainia eta Italia, berriz, %1,1 eta %1 hazi dira, hurrenez hurren.

Europako Batzordeak nabarmendu duenez, uda igarota, euroguneko ekonomiak erronka eta ziurgabetasun handiei egin beharko die aurre, eta ohartarazi du mehatxuak gauzatuz gero litekeena dela zenbaki negatiboak itzultzea berriro, pandemiaren unerik gogorrenetatik lehen aldiz. Beldur nagusia da Errusiak gas hornidura erabat etetea; horrek oso egoera ahulean utziko lituzke Europa erdialdeko herrialde ugari, eta Alemania bereziki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.