Biztanleria

Euskal Herriko jaiotza tasa, herriz herri

Mila biztanleko kalkulatzen da jaiotza tasa: herri bakoitzeko biztanleak mila balira jaiotzak zenbat liratekeen neurtuta. Herrien artean konparaketak egiteko balio du tasak. Euskal Herriko jaiotza tasa mila biztanleko 7koa zen 2020an, 1960ko hamarkadatik baxuena. 2008tik hiru puntu jaitsi da jaiotza tasa, orduan 10,2koa baitzen.

2022ko abuztuaren 18a
11:49
Entzun

Mapa interaktibo honek aukera ematen du 2014ko eta 2020ko jaiotza tasak ikusteko eta bi urteen artean alderaketak egiteko. Bi urte jakin horietan izandako jaiotzak biztanleriarekin proportzioan jartzen ditu mapak, eta ez du, beraz, bilakaera bat erakusten: bi urte horien arteko konparaketa egiten du. Nolanahi ere, jaisten ari da jaiotza kopurua, eta baita tasa ere, azkeneko urteetan.

INE Espainiako Estatistika Institutuaren azken datuek berretsi dute gero eta ume gutxiago jaiotzen direla Hego Euskal Herrian. 2022ko lehen seihilekoko datuak eman ditu INEk abuztuaren 17an, eta, ikus daitekeenez, duela bost urteko epe berean baino 2.992 ume gutxiago (%25 gutxiago) jaio dira aurten: 2022an, urtarriletik ekainera 9.039 ume jaio dira; eta 2016an, 12.031 jaio ziren (ia 3.000 gehiago). Beste modu batera esanda: batez beste 66 ume jaio ziren egunean 2016an, eta 50 jaio dira aurten.

Beheranzko joera ikusten da aurtengo datuak 2021ekoekin alderatuta ere. Joan den urtean, lehen sei hilabeteetan, 9.264 ume jaio ziren; hau da, %2,4ko jaitsiera izan da aurten. Dena den, egoera desberdina da lurraldearen arabera: %8,4 jaitsi da Gipuzkoan, eta %2,7 Nafarroan, baina %0,8 igo da Bizkaian, eta %0,9 Araban.

Emakumeek ama izateko duten adinean ere egon da aldaketa. Adina igotzen ari da pixkanaka-pixkanaka. Esaterako, 2016ko lehen seihilekoan jaio ziren haurren %9k zuten ama 40 urte baino gehiagokoa; 2022an, berriz, %12k.

Ikusi gehiago:Zailtasunek sarri zamatutako hautua

Eusko Jaurlaritzak maiatzean iragarri zuen 200 euroko diru laguntzak emango dizkiela familiei umeek 3 urte egin arte. Heldu den urtean da sartzekoa indarrean laguntza hori. Iragarpenaren harira, erreportaje bat landu zuen BERRIAk, eta 2014 eta 2020 urteen arteko jaiotza tasak aztertu zituen Euskal Herri osoan. Datu horiek eta bilakaera ikus daitezke mapa interaktiboan.

Herrialde bateko umeen jaiotzak neurtzeko eta urtez urte alderatzeko erabiltzen da jaiotza tasa: urte bateko biztanle kopurua urte horretako jaiotzen kopuruarekin zatitzen da. Hartara, ikusten da urtero mila biztanleko zenbat ume jaio diren. 1990etik 2008ra, jaiotza tasa handitu egin zen Euskal Herrian: mila biztanleko zortzi ume jaio ziren 1990eko hamarkadan batez beste; 2008an, hamar. Baina ordutik jaisten ari da ostera jaiotza tasa, eta 2020an —ordukoa da azken datua— zazpi baizik ez ziren.

Defizit naturala ere —urteko jaiotzei urteko heriotzak kenduta kalkulatzen da— negatiboa da Euskal Herrian. 2020koa da azken datua herrialde osorako: ia 35.000 pertsona hil ziren orduan, eta 24.500 eskas jaio ziren. Hortaz, jaio baino 12.410 pertsona gehiago hil ziren. Pandemia urteko datuak dira horiek, baina azkeneko hamarkadetan defizit negatibo hori mantentzen eta handitzen ari da, eta herrialde guztietan ari da joera hori gertatzen, gainera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.