PABLO GONZALEZ

Pablo Gonzalezen behin-behineko kartzelaldia luzatzeko eskatu du Poloniako Fiskaltzak

Kazetariak ihes egiteko arriskua dagoela argudiatu du fiskaltzak. Abuztuaren 23an erabakiko dute proposamena onartuko duten edo ez.

jone arruabarrena
2022ko abuztuaren 19a
12:33
Entzun

Poloniako Delinkuentzia Antolatuaren eta Ustelkeriaren Arloko Poloniako Fiskaltzaren ordezkariek eskatu dute Pablo Gonzalezek behin-behineko kartzelaldian segi dezala, Efe agentziaren arabera. Esan dutenez, «ondo arrazoitutako kezka bati» erantzuten dio eskaerak, Gonzalezek «prozeduran iruzur egin, ezkutatu edo ihes egingo duen beldurra» daukalako. Gehitu dute, gainera, kazetaria kondenatzen badute «zigor handia ezartzeko arriskua» dagoela.

Eskaera abuztuaren 23an aztertuko du Poloniako Przemysl eskualdeko auzitegiak, eta fiskaltzaren proposamena onartu edo ez erabakiko da han.

172 egun atxilo

Pablo Gonzalez euskal kazetariak 172 egun daramatza atxilotuta eta inkomunikatuta Polonian. Ekainaren amaieran, Rzeszowko Dei Auzitegiak (Polonia) ez zuen onartu Pablo Gonzalez kazetariaren abokatuak haren atxiloaldiaren kontra ezarritako helegitea. Maiatzean, Gonzalezen espetxealdia luzatzeko eskatu zuten Delinkuentzia Antolatuaren eta Ustelkeriaren Arloko Poloniako Fiskaltzaren ordezkariek, eta, eskaera egin ondotik, Poloniako Przemysl eskualdeko auzitegiak onartu egin zuen fiskaltzaren eskaera; horren ondorioz, Gonzalezek beste hiru hilabetez atxilotuta egon beharko duela ebatzi zuen auzitegiak. Orain, epe hori gehiago luzatu nahi du fiskaltzak.

Otsailean atxilotu zuen Poloniako Poliziak Gonzalez, Przemyslen, Ukrainako mugatik kilometro gutxira. Errusiako zerbitzu sekretuetako agente izatea leporatu zioten, eta, akusazio horren arabera, hamar urterainoko kartzela zigorra ezar diezaiokete kazetariari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.