Telebista

Antton Telleriak aurkeztuko du 'Mihiluze' Ilaski Serranorekin batera

ETB1ek astelehenetik ostegunera emanen du saioa, 21:30ean. Lehiaketa «entretenitua, jostaria eta umoretsua» izanen dela hitzeman du produkzio etxeak.

jarraia217296.jpg
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko abuztuaren 20a
10:33
Entzun

Argitu da misterioa. Jakina zen Ilaski Serrano izanen zela Mihiluze saioaren aurkezle, programaren bigarren etapan ere. Ordea, oraindik esan gabea zen nor izanen zuen lagun zeregin horretarako, Kike Amonarrizen lekukoa nork hartuko. Bada, orain bai, plazaratu dute izena: Antton Telleria.

Bederatzi urteko etenaren ondotik, irailean bueltatuko da Mihiluze telebistara; ETB1en orain ere. Euskal Telebistak joan den ekainean iragarri zuen saioaren itzulera, eta, pixkanaka, ari dira xehetasun gehiago ematen. Aurkezleei dagokienez, EITBk adierazi du bai Serranok bai Telleriak «ongi baino hobeki» egiten dutela bat programaren izaerarekin. «Euskara eta umorea ardatz».

Ikusi gehiago: 'Mihiluze' ETBra itzuliko da irailean

Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasia da Telleria, Gaztea irratian eta ETB1eko Gure Kasa telebista saioan eman zituen plaza publikorako lehenbiziko pausoak. Azkenaldian, gainera, stand-up komediaren munduan murgildua da tolosarra, Nekatutak ikuskizunarekin.

Ikusi gehiago:Antton Telleria: «Gustatzen zait zuzentasunetik pixka bat aparte ibiltze hori»

«Betiko» Mihiluze, eraberriturik

Saioak izanen duen itxuraren eta muinaren gaineko zenbait datu ere argitaratu dituzte Euskal Telebistak eta saioaz arduratuko den Orio Produkzioak ekoiztetxeak. Ekainean jakinarazi bezala, proba batzuk Mihiluzeren lehenbiziko etapan ikusi bezalakoak izanen dira. Ordea, jadanik aurreratu gisan, bada nobedaderik: azaldu dutenez, finalaurrekoetara iritsiko diren bi bikoteak sokatiran arituko dira lehian. «Sokari tiraka aritu beharko dute, aurkariak baino galdera gehiago asmatuz, eta, ondorioz, puntuak beren aldera ekarriz».

Aste honetan hasiko dira saioa grabatzen. Halaber, saioko arduradunek lau haizeetara zabaldu nahi dute saioan izena emateko deialdia. Gainera, sareetan plazaratu dutenez, programak bereziki nahi ditu animatu Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko biztanleak. Jendea «ezin aurkitu» dabiltza, diotenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.