'Mihiluze' ETBra itzuliko da irailean

Astelehenetik ostegunera emango dute, 21:30ean. Proba batzuk berriak izango dira, eta beste batzuk zaharrak, baina egokituak

Kike Amonarriz eta Ilaski Serrano izan ziren Mihiluze-ren lehen etapako aurkezleak, 2006tik 2013ra. ETB.
urtzi urkizu
2022ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Bederatzi urteko etenaldiaren ostean, Mihiluze lehiaketa ETB1 katera itzuliko da. Euskaldun askoren programa kutuna izan zen Mihiluze, 2006tik 2013ra, baina, zortzi denboraldiren ostean, etena iritsi zen. Orio Produkzioak ekoiztetxeak proiektua aurkeztu du lehiaketa berriro egiteko, eta ETBk baiezkoa eman dio. Unai Iparragirre ETBko zuzendariak iragarri du irailaren erdialdean hasiko direla ematen.

Kike Amonarriz eta Ilaski Serrano izan ziren lehen etapako aurkezleak —udan jakinaraziko dute zein izango diren aro berriko aurkezleak—. Amonarrizek saioan parte hartuko du, baina ez aurkezle gisa, aholkulari baizik. «Poz handia» sentitu du lehiaketaren itzulerarekin. «Saioa etetea erabaki zenean, argi genuen denok formatu horri atseden bat ematen geniola. Ez genekien betiko izango zen ala ez, baina ikusten genuen itzul zitekeenaren aukera».

Saioko zuzendaria Xabier Zapirain izango da. Maddalen San Miguel Orioko eta Mihiluze-ko ekoizle eragileak, berriz, iragarri du itzulera proiektu «anbiziotsua» izango dela: «Proba batzuk guztiz berriak dira, baina beste batzuk zaharrak dira, garai berrietara moldatuak». Edonola ere, denek eutsiko diote saioaren hasierako esentziari: «Euskararekin jolastuko dugu, umorez, ondo pasatzeko». Amonarrizek ere nabarmendu du lehen etaparen espiritua mantenduko dutela: «Lehiaketa umoretsu bat, hizkuntza ardatz izango duena, gure kultura eta nazioartekoa uztartuko dituena, eta jendeak ondo pasatuko duena, bai bertatik, bai etxetik».

Iparragirreren iritziz, garai bateko eduki bat berreskuratzean sarri gertatzen da esentzia deformatzea: «Horregatik, kontu handiz ibili gara Mihiluze berrian, espiritua eta esentzia lehengoak izan daitezen». Berrikuntzak egongo dira, hala ere. «Platoaren egituran sartuko dugu berrikuntza nagusiena», azaldu du ETBko zuzendariak. San Miguelek aipatu du irudi aldetik «berritua» iritsiko dela Mihiluze.

Beste berrikuntzetako bat Interneteko sare sozialen erabilera izango da. Programako ekoizle eragileak argi du: «Sare sozialak herritarrak gerturatzeko tresna izango dira».

Iparragirrek esan du «2022ko saio bat» izango dela, esparru digitalean ere presentzia izango duena. «Programazioan garrantzi handia izango duen edukia izango da; asko zainduko dugu. Produkzioan eta egiteko moduan mimo handiz ekingo diogu».

Amonarrizek, bestalde, nabarmendu du Mihiluze-k helburu gisa beti izan duela Euskal Herriko ahalik eta herritar gehienek parte hartzea. «Baita lurraldetasuna aintzat hartzea ere». Lehen zortzi denboraldi haietan, Euskal Herriko lurralde guztietako lehiakideak pasatu ziren saiotik, baita atzerriko euskaldunak ere —tartean Herrialde Katalanetakoak eta Amerikakoak—. «Orain ere saiatuko gara hizkera guztietako euskaldunak biltzen. Euskara ikasten ari den jendea ere erakarri nahi dugu: garrantzitsua da horiek sentitzea lehiaketan parte hartu ahal dutela».

Lehiakide bila hasi dira jada. Parte hartu nahi duenak [email protected] helbidera idatzi behar du. Amonarrizek espero du aurreko edizioetan parte hartu zuten lehiakide askok berriro parte hartzea: «Bigarren aukera bat izango dute».

«Entretenituz ikastea»

Iparragirrek, bestalde, nabarmendu du Euskal Telebistaren betebeharretako bat gizartea laguntzea eta gizarteak eskatzen duena ematea dela. «Iruditzen zait edukiek laguntzen dutela gizarte hobeago bat egiten. Eta Mihiluze-k laguntzen du gizarte euskaldunagoa egiten». ETBko zuzendaria ikasteko aukera ematen duten edukien «zale amorratua» da. «Kredituak iristerakoan, ikusleak esatea: 'Hara! Gauza pilo bat ikasi ditut, eta ez naiz konturatu, oso entretenigarria izan baita». Halako saio bat da Mihiluze. «Eta betetzen ditu ETB1eko edukiekin egin nahi ditugun gauza guztiak».

2006tik 2013ra iraun zuen etapan, 1.117 atal egin zituzten. 2.438 lehiakide pasatu ziren bertatik. Mugak ere gainditu zituen, TV3ek Bocamoll izenarekin estreinatu baitzuen formatua. Amonarrizek sortu zuen formatua 2006an, eta bere «haur bat bezala» sentitzen du. «Harrotasunez hartzen dudan albistea da itzulera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.