Arrauna

Oriok eta Urdaibaik irabazi dituzte Zarauzko Ikurrinak

Bigarren jardunaldian Hondarribia izan da onena bi ehunenengatik, baina bandera bermeotarrentzat izan da. Oriok aise eskuratu du garaipena gaurko jardunaldian ere.

Orio, atzo, Zarauzko Ikurrinan lehian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
2022ko abuztuaren 21a
13:55
Entzun

Bero bero dago Eusko Label liga. Eztabaida eragin zuen atzoko estropadak, eta, gaur, gorabehera handiko lehian bi ehunenen aldeak erabaki du eguneko irabazlea: Hondarribia. Bigarren, ordea, Urdaibai izan da, eta atzo lortutako hiru segundoren errentak balio izan dio Zarauzko Ikurrina irabazteko (bi jardunalditako onenak jasotzen du bandera).

Urdaibaik atzetik aurrerako lana egin behar izan du gaur. Txandako azkena zen lehen bi ziabogetan (bigarrenean, Donostiarrak zortzi segundoren tartea zuen Bou Bizkaia-rekiko), baina hirugarrengorako gerturatu da lehen postuetara. Atzean geratu da Orio, atzean geratu da Donostiarra, eta bi trainerurik indartsuenen artekoa bilakatu da lehia. Han, oso gutxigatik bada ere, Ama Guadalupekoa izan da indartsuena.

Emaitza horri esker, lehen postuari eutsi dio Urdaibaik. Sailkapen nagusian 172 puntu ditu, eta 169 Hondarribiak. Buruz buruko itxura hartzen ari da liga azken asteetan; Donostiarrak 163 puntu ditu, eta Oriok, atzerago, 148.

Gainontzekoen artean Kaiku izan da onena, eta bosgarren postua lortu du. Seigarren izan da Zierbena, zazpigarren Getaria, zortzigarren Santurtzi, bederatzigarren Lekittarra, hamargarren Cabo, hamaikagarren Ondarroa eta, azkena, Ares.

Sailkapenaren behealdean ere estua da lehia. Cabok, zortzigarrenak, 72 puntu ditu; Ondarroak 71 ditu; Santurtzik, 67; Lekittarrak, 63; eta Aresek, 45.

Orio, nagusitasunez

Euskotren Ligan, berriz, azkenaldiko berbera izan da joera: Oriok estropada ona egin du, eta alde handiarekin irabazi du Zarauzko Ikurrina. Gaurko jardunaldian ia zortzi segundo atera dizkio Donostiarrari, hura bigarren iritsi baita; hamahiru atera dizkio Arraun Lagunak taldeari, eta hamalau, berriz, Tolosaldeari.

Liga erabakita dago jada (joan den astean irabazi zuen Oriok), baina erabakitzeke zegoen zein izango zen kanporaketa jokatu beharko duen taldea, eta erabaki da: Tolosaldea izango da. Gaurko emaitzari esker, Donostiarrak 23 puntu bildu ditu sailkapen nagusian, eta Tolosaldeak, 20.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.