Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak jakinarazi duenez, uztailaz geroztik 67 ziztada kasu inguru erregistratu ditu Ertzaintzak, gehienak emakumeei egindakoak. Denetan, baina, ez da salaketa aurkeztu: kasuen erdiak salatu dira formalki. Bilboko jaietan, adibidez, Ertzaintzak 25 kasuren berri izan du. Halaber, sailburuak jakinarazi du Bilboko jaietan ustez izandako sexu eraso bat ikertzen ari dela Ertzaintza. Biktimak ez du salaketarik jarri oraindik, Erkorekak jakinarazi duenez.
Bilbao Irratian elkarrizketatu dute Erkoreka, eta, elkarrizketa berean, Amaia Arregi Bilboko Udaleko Herritarren Segurtasunerako zinegotziak jakinarazi du udalak ez duela festen inguruan inolako «sexu erasoren» berririk, baina adierazi du «abusu eta ukitu» kasu batzuk izan direla.
Ziztaden inguruan, Erkorekak esan du ez dakitela zergatik gertatzen ari diren: «Inork ez daki zehazki zeren ondorio den ziztaden fenomeno hori, gaur egun arte ez baita, gutxienez, sumisio kimikoko kasurik». Azaldu du zenbaitetan emakume batzuek uste dutela ziztatu egin dituztela, baina pertzepzio pertsonal bat izaten dela, eta osasun langileen esku hartzearen ostean ikusten dutela ez dela halakorik izan. Beste batzuetan ziztadak izan direla azaldu du Erkorekak, baina, analisiak egiten direnean, ikusten da gorputzean ez dagoela substantzia kimikorik. «Fenomeno arraroa da, eta oraindik ez dugu azalpenik: ez dakigu zeren ondorio den», azpimarratu du.
Indarkeria matxista
Ertzaintzak 67 ziztada kasu zenbatu ditu uztailetik
Josu Erkorekak jakinarazi du kasuen erdiak salatu direla formalki. Bilboko jaietan ustez izandako sexu eraso bat ikertzen ari da Ertzaintza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu