Greba egin dute Miarritzeko Aguilera klinikako osasun langileek

Asteartean beren lankideek jasandako erasoa gaitzesteko, protesta egin dute egun. Zuzendaritzari baliabide gehiago galdegin dizkiote, eta indarkeria geroz eta gehiago jasaten dutela salatu dute.

Greba piketea egin dute goizean Aguilera klinikako langileek. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko abuztuaren 26a
11:30
Entzun

Greban dira egun Miarritzeko Aguilera klinikako osasun langileak. Dozenaka langile bildu dira goizeko greba piketean, iragan asteartean beren lankideek jasandako erasoa salatzeko. Izan ere, Baionako Aviron errugbi taldeko kide bat eta kide ohi bat atxiloaldian ezarri zituzten, asteartean Aguilera klinikan erizain bat jo eta konorterik gabe utzi ondoren. Osasun langileek salatu dute geroz eta indarkeria kasu gehiago pairatzen dutela, eta, «behar bezalako neurriak» hartzea galdegin diote zuzendaritzari.

CFDT sindikatuko Nicolas Sorredak esplikatu du asteartean erizain batek, erizain laguntzaile batek eta agente batek eraso bortitz bat pairatu zutela, eta oraindik shock egoeran daudela. Horietarik bi oraino lan geldialdian dira. «Ez da lehen aldia indarkeria pairatzen dugula gure egituran; geroz eta gehiagotan gertatzen da, eta geroz eta bortitzagoa da», salatu zuen. Hala, zuzendaritzari «behar bezalako neurriak» hartzeko eskatu zioten. «Neurri egonkorrak behar ditugu gure lankideek osasuna eta segurtasuna bermatzeko», aldarrikatu zuen. FO sindikatuko Fanny Braccinik ere gertatutakoa gaitzetsi zuen, eta,langile eskasiaren arazoa ere gogora ekarri zuen. «Jendea artatzeko hor gara, ez indarkeria jasateko. Gainera, jakin ongi badakigu lankide bat gutxiago izateak tentsio egoera handiak ekartzen dituela, osasun langileak falta baitira».

Maxime Romain klinikako zuzendaria ere bildu zen protestara, eta «mobilizazioari sostengu osoa» helarazi zion. Segurtatu zuen zuzendaritzak neurriak hartuko dituela. Izan ere, datorren urtean berrituko dute larrialdi zerbitzuen egoitza, eta hitzeman du segurtasun neurriak izanen direla: kamerak, segurtasun ateak, zaintzaile bat... «Badakigu indarkeria ezin dela %100 aurreikusi, baina gure langileen segurtasuna babestea dagokigu», erran zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.