Hipotekak

Euriborra igo arren, hipotekek ez diote utzi ugaritzeari

Aurtengo ekainean iazkoan baino %15,4 mailegu gehiago sinatu dira. Lehen seihilekoan, %11,4 izan da hazkundea. Maileguen batez besteko kopurua 162.500 euro da.

Etxebizitza bat salgai, Iruñean. IñIGO URIZ / FOKU
jokin sagarzazu
2022ko abuztuaren 26a
12:09
Entzun

Azken hilabeteetan Euriborrak izandako igoerak ez du gelditu hipoteka berrien sinadura. Ekainean, ohi bezala, beherakada txiki bat izan bada ere, azken hamar urteetan hipoteka gehien sinatzen ari den urtea da oraindik ere. INE Espainiako estatistika institutuaren arabera, ekainean 2.661 egin ziren Hego Euskal Herrian, maiatzean baino %5,2 gutxiago. Dena den, gogoratu behar da maiatza izan zela azken hamar urteetan hipoteka gehien egin zen hilabetea.

Hala, aurtengo ekaineko datuak iazko ekainekoekin alderatuz gero, igoera %15,4 izan da, 355 hipoteka gehiago. Urtea ere azkenengoetarikoen artean hoberena izaten ari da. Lehen sei hilabeteetan etxebizitza bat erosteko 14.676 mailegu sinatu dira, iazko aldi berean baino %11,4 gehiago.

Maileguan eskatutako diru kopuruak ere gora egin du; batez beste 162.500 eurokoa izan da ekainean, maiatzean baino 9.235 euro gehiago, eta iazko ekainean baino 16.092 euro gehiago. Bizkaian eskatu dira mailegurik handienak: 169.634 eurokoak batez beste, eta Nafarroan txikienak, 35.797 eurokoak.

Euriborra, mugarik gabe

Hego Euskal Herrian sinatutako hamar hipotekatik zazpi inguruk dute interes tasa aldakorra, eta Euriborra da horietako gehienak kalkulatzeko erabiltzen den indizea. Aurten gora egiten ari da etengabe, eta 2012ko uztaileko mailara itzuli da (%1etik gora).

Abuztuko batezbestekoa %1,2 da, eta, hilabetea horrela amaituz gero, uztailekoa gaindituko luke (%0,992); iazko abuztuan -%0,498 zen. Igoera horrek esan nahi du abuztuan berritzen diren hipotekak hilean 110 euro garestiago izango direla batez beste (urtean, 1.300 euro), betiere 150.000 euro inguruko mailegua bada, 25 urtera eskatua.

Urtearekin batera hasi zen Euriborra hazten; abenduan -%0,502an zegoen, azken sei urteetan bezala, tasa negatiboetan oraindik. Baina aurtengo apirila %0,013an itxi zuen, eta, ordutik, inoizko hazkunderik bizkorrenetarikoa izan du.

Besteak beste, EBZ Europako Banku Zentralak uztailean interes tasak puntu erdi igo izanak, irailean gehiago igo ditzakeen iragarpenek, eta euroaren beherakadak eragin dute Euriborraren hazkundea. EBZk inflazio handiari aurre egiteko neurri gisa hartu zuen dirua garestitzeko erabakia, aurretik beste banku zentral batzuek gauza bera egin ondoren; AEBetakoak, adibidez 0,75 puntu igo zituen.

Analisten arabera, oso litekeena da datozen hilabeteetan ere igo eta igo aritzea Euriborra; 2023 amaieran %2,5era iristea ere aurreikusten dute batzuek. Hala balitz, azken urtean hilean 470 euro ordaindu dituen batek 750 inguru euro ordaindu beharko lituzke, eta 3.300 gehiago urtean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.