EH Bilduk salatu du osasun garraioan atzerapenek gora egin dutela udan

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak «atzerapenei, gabeziei eta hutsegiteei» buruzko datuak eta azalpenak emateko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

unai etxenausia
2022ko abuztuaren 27a
15:44
Entzun 00:00:0000:00:00

EH Bilduk salatu du osasun garraioan atzerapenak izan direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan uztailean eta abuztuan. Hala, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio larrialdiak koordinatzeko zentroetan eta anbulantzietan «atzerapenei, gabeziei eta hutsegiteei» buruzko datuak eta azalpenak emateko. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea Gotzone Sagardui Osasun sailburuari zuzendu zaio. Uberak nabarmendu duenez, bereziki, uztailean eta abuztuan «aipagarriak izan dira pazienteen atzerapenak, kontsultetatik beren etxeetara edo egoitzetara itzultzean».

Bestalde, Uberak ziurtatu duenez, Bizkaian eta Araban «ohikoa» da pazienteek ospitaleetako itxarongeletan «orduak eta orduak» igaro behar izatea anbulantziak iritsi arte. Ildo horretan, legebiltzarkideak espero du Osasun Saila horretarako kontratatutako enpresen zerbitzuaren «jarraipena eta etengabeko ebaluazioa» egiten ari dela.

Hori dela eta, udan osasun garraioan izan diren «gorabeherak» zeintzuk izan diren jakinarazteko eskatu dio Sagarduiri, baita atzerapenen kopurua zein izan den zehazteko ere. Beraz, finean, Uberak uste du egoera hobetzeko «funtsezkoa» dela informazio guztia jasotzea eta ebaluatzea, «beharrezko egokitzapenak eta zuzenketak egin ahal izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.