Migrazioa

Marea Horiak hartu ditu Plentziako eta Gorlizko hondartzak, harrera duina eskatzeko

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak antolatu du ekitaldia

Marea Horia, Plentziako hondartzan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko abuztuaren 27a
16:18
Entzun 00:00:0000:00:00

OEE Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak deituta, giza katea egin dute Plentziako eta Gorlizko hondartzetan (Bizkaia), jaioterria uztera behartuak izan ostean bizitza arriskuan jartzen duten milaka pertsonak gogorarazteko, eta migratzaile horientzat harrera politika duinagoak eskatzeko. Marea horia gisa izendatu dute mobilizazioa, eta dozenaka lagunek hartu dute parte ekitaldian.

Mobilizazioa eguerdian hasi da. OEEren zapi eta ikur horiak zeramatzaten manifestariek giza katea egin dute hondartzetatik Plentziako porturaino, eta Arkoteko arrapalatik plazara jo dute. Han ekitaldi xume bat egin dute hildako migratzaileak gogorarazteko, biolinaren doinuek lagunduta. Ohorezko aurreskua dantzatu dute haien omenez, eta loreak jaurtiki dituzte itsasadarrera.

Antolatzaileek azaldu dutenez, bi helburu zituzten mobilizazioarekin: alde batetik, «mundu osoan milioika pertsonak bizi duten errealitate gogorra agerian uztea»; eta, bestetik, gobernu eta erakundeei «giza eskubideak errespetatuko dituzten migrazio eta harrera politikak» har ditzatela eskatzea.

OEEren arabera, behartutako migrazioak «prozesu mingarriak» dira, eta migratzaileak jaioterria uztera behartuak izaten dira herrialde horiek «ekonomia, gizarte eta ingurumen krisi handiak» pairatzen dituztelako. Horren erantzule dira, nagusiki, «espoliatze politikak» aplikatzen dituzten «nazioz gaindiko enpresa handiak eta herrialde aberatsetako gobernuak, haien gobernuen onespen eta adostasunarekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.