Irak

Al-Sadren jarraitzaileek protestak utzi dituzte, klerikoak hala eskatuta

Azken orduetan gutxienez 30 pertsona hil dira eta ehunka zauritu Bagdadeko mobilizazioetan. Iranek itxi egin du Irakekiko muga, eta Kuwaitek eskatu die herritarrei ateratzeko herrialdetik.

Al-Sadren jarraitzaileak,gaur, Bagdaden. EFE
Igor Susaeta - Arantxa Elizegi Egilegor
2022ko abuztuaren 30a
11:45
Entzun

«Barkamena eskatu nahi diet Irakeko herritarrei, gertakariengatik kaltetutako bakarrak izan baitira». Hori adierazi du gaur Muqtada al-Sadrek. Kleriko xiitak atzo iragarri zuen politikatik «behin betiko» erretiratuko dela, eta horrek kalera bultzatu zituen haren jarraitzaileak. Azken orduetan protesta handiak izan dira Bagdadeko Eremu Berdean, gobernuaren egoitzak eta enbaxadak dauden barrutian, eta horietan gutxienez 30 pertsona hil dira, eta ehunka zauritu. Hori kontuan hartuta, mobilizazioak eteteko eskatu die Al-Sadrek bere jarraitzaileei, eta haiek obeditu egin diote lider erlijioso xiitak eskatutakoari, Eremu Berdetik ateratzen hasi baitira. Ondoren, atzo herrialde osoan ezarritako etxeratze agindua kendu dute agintariek.

Najaf hiritik mintzatu da Al-Sadr, bere jaioterritik, eta telebista bidez eman dute haren diskurtsoa. «Biolentziak zikindu duen iraultza ez da iraultza bat», nabarmendu du. Zenbait iturriren arabera, azken orduetan gutxienez zazpi suziri jaurti dituzte Irakeko hiriburuko Eremu Berdera. Polizia indarrek ez dute azaldu nor aritu den Al-Sadren jarraitzaileen aurka, baina lekuko batzuek nazioarteko hedabideei adierazi diete Iranen aldekoak diren beste buruzagi xiita batzuen bueltako miliziak eta Polizia indarrak izan direla.

Azken hauteskundeetan boto gehien lortu zuen alderdia izan zen Al-Sadrena, baina huts egin du gobernua osatzeko ahaleginetan, eta, blokeoa salatzeko, politika «behin-betiko» uztea erabaki zuen atzo, baita gose greba hastea ere «indarkeria amaitu arte». Erabakiaren berri jakin bezain laster, azken hilabeteak parlamentuaren kanpoaldean kanpatuta igaro dituzten Al-Sadren jarraitzaileek gobernuaren hainbat egoitza hartu zituzten, tartean presidentearen jauregia.

Etxeratze agindua ezarri zuen Bagdadek atzo arratsalderako, baina borrokak ez dira eten. Gaur goizean oraindik tiro hotsak entzuten ziren Bagdad erdigunean, baina segurtasun indarrek lortu dute presidentearen jauregian sartutako manifestariak ateratzea. Al-Jazeera telebistaren arabera, Al-Sadren jarraitzaileen buruzagiarekin hitz egiten ari da Polizia, giroa baretzeko asmoz. Elkarrizketa horietan parte hartzen ari da Xiiten Koordinazio Esparrua, oposizioko indarrik handiena, eta gobernua osatzeko Al-Sadren orain arteko ahaleginak oztopatu dituena.

Duela hamar hilabete piztu zen gobernu krisia, hauteskundeen ostean Al-Sadren alderdia gobernua osatzeko lanetan hasi zenean. 2003tik indarrean den sistemaren arabera, sunita izan behar du parlamentuko presidenteak, xiita lehen ministroak, eta kurdua estatuburuak. Buruzagi xiitak lortu zuen bere gertuko kide bat izendatzea parlamentuko presidente, baina presidentetzarako hautagaia aurkeztu zuenean, aurre egin zion Xiiten Koordinazio Esparruak, beste alderdietako diputatuen laguntzaz. Presidentearen zeregina da lehen ministroa izendatzea, eta hari gobernua osatzeko eskatzea, eta Al-Sadrek lortuko balu estatuko buruzagitzan bere gertuko norbait jartzea, bere alde izango lituzke Irakeko instituzio nagusietako arduradunak. Hori da, hain zuzen ere, oposizioak eragotzi nahi duena.

Blokeoa salatzeko, parlamentua utzi zuten kleriko xiitaren alderdiko diputatuek, legebiltzarreko gehiengoa Xiiten Koordinazio Esparruaren esku utziz. Haiek uztail amaieran hasi ziren berriz ere gobernua osatzeko prozedurarekin, baina Al-Sadren jarraitzaileek eten egin dituzte bozketak behin eta berriz parlamentuaren inguruan protesta eginez, edo egoitza bera okupatuz.

Mugak itxita

Azken orduetako istiluen eraginez, Irakekiko mugak ixtea erabaki du Irango Gobernuak. Ez da izan halako neurri bat hartu duen herrialde bakarra. Arabiar Emirerri Batuek bertan behera utzi dituzte Bagdaderako hegaldiak, eta Kuwaitek herrialdetik irteteko eskatu die bertan dauden herritarrei. AEBek hiriburuan duten enbaxada hutseko agindu duten zurrumurruak ere zabaldu dira azken orduetan, baina Etxe Zuriak ukatu egin du.

Irakeko behin-behineko lehen ministro Mustafa al-Kadhimik salatu egin ditu borrokak, eta ikerketa bat agindu du. Gobernuburuak ohartarazi du «erabat debekatua» dutela segurtasun indarrek benetako jaurtigaiak erabiltzea manifestarien aurka. Bide beretik, eskatu die herritarrei bete ditzatela segurtasun arauak eta errespeta dezatela etxeratze agindua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.