Inflazio handiena da duela 23 urte euroa sortuz geroztik. Abuztuan, urte arteko inflazio tasa %9,1era igo da eurogunean, uztaileko %8,9tik. Gainera, analistek espero zuten baino hamarren bat handiagoa izan da igoera, eta gero eta ahots gehiago daude EBZk interes tasa nabarmen igotzearen alde.
Hurrengo ostegunean erabakiko Europako Banku Zentralak zenbat igo tasak, inork ez baitu zalantzan jartzen igoera bat izan izango dela, ikusita inflazioaren gorakadak ez duela etenik, eta hurrengo hilabeteetarako are datu okerragoak espero direla.
Eurostatek, dena den, energia prezioen igoeran moteltze ñimiño bat antzeman du abuztuan. Energiaren prezioak %38,3ko tasara apaldu dira, uztaileko 39,6tik. Elikagaien prezioen igoera ere moteldu egin da abuztuan, %10,9ko tasara uztaileko %11,1etik.
Baina energia garestiaren eragina ekonomiaren beste sektoreetara hedatzen ari den erakusgarri, gorantz egin du azpiko inflazioak ere, elikagai freskoak eta energia gaiak kontuan hartzen ez dituenak, %4,3raino uztaileko %4tik.