Energia

Sanchezek iragarri du gasaren BEZa %21etik %5era apalduko dela urritik

Gutxienez abenduaren 31ra arte nahi du ezarri neurria Madrilek. Argudiatu du «zentzuzkoa» dela herritarrei kostuak txikitu nahia.

jarraia217707.jpg
Uxue Rey Gorraiz - Jokin Sagarzazu
2022ko irailaren 1a
09:52
Entzun

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek jakinarazi du murriztu eginen dutela gasaren gaineko BEZa. Zerga hori %21ekoa da gaur egun, eta urritik aurrera %5era apaldu nahi du, Europako Batzordeak baimentzen duen gutxienekora. Sanchezen esanetan, asmoa da neurria behintzat urtea bukatu arte izatea indarrean. Edonola ere, ohartarazi du 2023ko urtarrilaren 1etik aitzinera luzatzea ere aztergai izanen dutela. Azaldu duenez, «unean uneko egoeraren arabera» jokatuko dute.

Argindarrari dagokionez, Espainiako Gobernuak iazko ekainean jaitsi zuen BEZa % 21etik %10era, eta aurtengo ekainean, %5era. Horrekin batera, elektrizitatearen gaineko zerga berezia ere % 0,5era jaitsi du, eta fakturetan sartu ohi diren beste kargu finko batzuk ere bai. Gainera, ekainaren 15etik aurrera Iberiar penintsulako salbuespena aplikatzen da. Bruselak onartutako neurri horri esker, elektrizitatea sortzeko erabiltzen den gasaren prezioa mugatuta dago. Sanchezek ziurtatu du neurri horiek gabe igoera Europako gainerako herrialdeetakoa baino %15 handiagoa izango litzatekeela, eta azpimarratu du Madrilek %80 murriztu dituela argindarrari lotutako zergak.

Ikusi gehiago:Jaurlaritzak «konpentsazioak» eskatu ditu industria sektorearentzat

Ser irratian egindako elkarrizketa batean eman du gasaren BEZa ere jaisteko neurriaren berri. Nabarmendu du erabakiak guztiz egiten duela bat Espainiako Gobernuak energia krisialdiari aurre egitearren zehaztutako bide orriarekin. Azpimarratu du Espainiaren larritasuna ez dela Europako beste herrialde batzuena adinakoa, energiaren alorrean Errusiarekiko dagoen menpekotasunari dagokionez, eta adierazi du ez dutela aurreikusten datorren neguan gas hornidura mugatu beharrik. Halere, aitortu du ziurgabetasuna «oso handia» dela.

Neurriarekin bat egin dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. «Lagungarri izan daitekeen guztia garrantzitsua eta ongi etorria da», esan du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak, eta neurria «positiboa eta beharrezkoa» dela azpimarratu du Mikel Irujo kontseilariak. Proposamenak Bruselaren oniritzia jaso beharko du, baina Espainiako Gobernuak uste du ez duela izango horretarako zailtasunik. Ezta Kongresuaren babesa jasotzeko ere. PPko buruzagi Alberto Nuñez Feijook egunotan iradoki du BEZa jaisteko proposamena egin behar ziola gobernuari.

Azaroko fakturan

Kontsumitzaileak azaroan hasiko dira nabaritzen gasaren BEZaren beherapena. Egungo prezioekin, 100 euroko gas faktura batean, hilero 13 euro inguru aurrezteko lituzke kontsumitzaile batek. Nolanahi ere, argindarraren fakturan eginiko BEZaren beherapenarekin gertatu bezala, litekeena da hilabete batzuk pasatzerakoan lehengo prezioetara itzultzea. Izan ere, elektrizitatea sortzeko kostuak gora egin du azken hilabeteetan, eta ia ezerezean utzi ditu beherapen horiek.

Gasari dagokionez, baliteke antzerakoa geratzea. Aurreikuspenen arabera, prezioak garestiak izango dira oraindik ere datozen hilabeteetan. 2021eko irailean 20 eurokoa zen megawatt-orduaren (Mwh) prezioa, eta ostegun honetan 250 eurotik gora dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.