Bilboko Aste Nagusia

Bilboko Konpartsek Udaltzaingoaren jarrera salatu dute

Jai eremuan polizia asko egoteak ez duela segurtasuna bermatzen ohartarazi dute konpartsek, eta, aitzitik, kontrako efektua sortzen duela. «Intoxikazio mediatikoa» ere salatu dute.

Bilboko Konpartsek jaien bezperetan egindako agerraldia, eraso matxisten kontrako protokoloa aurkezteko. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko irailaren 1a
10:36
Entzun

«Argiak eta itzalak» izan ditu Bilboko Aste Nagusiak, konpartsen arabera. Jaien ondoko balorazioa argitaratu dute, eta, besteak beste, gogor salatu dute «jaigunea kopetilun patruilatzen eta jai giroa zapuzten ibili den Udaltzaingoaren» jarrera. Adibidetzat jarri dituzte «kaleko saltzaileen kontrako erasoak», birziklatzen dituzten edalontziak jasotzen modu boluntarioan aritzen diren Atxuri Harrera elkarteko lagunen kontrako «oldarraldia» eta «kanpotik etorritako lagun batzuen kontrako sarraskia baretzen saiatu zen neska bati emandako jipoia».

Halako jokabideak eta oro har «Poliziaren bortizkeria» jai eremutik kanpo nahi dituztela aldarrikatu dute oharrean konpartsek: «Ez ditugu onartzen udaltzainek hainbatetan erakutsitako biolentzia eta erreakzioa, ezta horien jarrera bortitz, harroputz, oldarkor, haserrea eta maskulinitate eredu inposatzailea ere». Halaber, nabarmendu dute polizia asko egoteak ez duela segurtasuna bermatzen, eta, aitzitik, «oso kontrako efektua» eragiten duela. «Jaiguneko eta hiriko segurtasuna aztertzeko orduan hausnarketa sakonagoa egin behar da, eta hura bermatzeko oso bestelako bide eta lanketak behar dira».

Horrez gain, larunbatean izandako suteari emandako erantzunak «konpartsen antolakuntzaren tamaina» erakusten duela adierazi dute konpartsek: «Suhiltzaileekin eta Udaltzaingoarekin hartu-emanean ibili ginen, ingurua hustuz, jende pilaketak ekidinez eta suertatu ziren jende oldeek eragindako segurtasun hesia gure gorputzekin eraikiz».

«Intoxikazio mediatikoa» ere salatu dute konpartsek, eta, alde horretatik, gogor deitoratu dute; bereziki, Bizkaiko egunkari batek horretan izan duen eginkizuna. «Lehenengo egunetik, txupineraren hitzak aldrebesten, irudiak manipulatzen eta jaigunetik kanpo izandako eraso matxistak jaigunean izan zirela adierazten ibili da, intoxikazio mediatikoaren ardatzean jira eta bira, Bilboko Konpartsen aurka egiteko eta guztiona den jaigunearekiko beldurra eragiteko», salatu dute.

Bestalde, aurten ere erasotzaileak Bilboko Aste Nagusian izan direla salatu dute konpartsek, eta irmo adierazi dute emakumeei «jazartzen, erasotzen eta haiek beldurtzen» dituztenek ez dutela lekurik jaietan. Alde horretatik, dagokien espazioa eurenganatuko dutela ohartarazi dute. Mugimendu Feministak erasotzaileei adierazitakoa gogora ekarri dute: «Dantzatuko gara, abestuko dugu, gozatuko dugu... Baina argi izan: autodefentsa feminista praktikan ezartzen jarraituko dugu zuek, matxista nazkagarriak, gure espazioetatik kanpo egon eta aske sentitu arte».

Parte hartze «izugarria»

Eta salatutakoen ifrentzuan, gorespen eta eskertza hitzak: «Eskertu nahi dugu bilbotarrek jai herrikoien alde egin duten hautua, horiek gabe Aste Nagusiak ez lukeelako izango egun duen xarmarik. Nola ez, goraipatu nahi genuke Bilboko Konpartsen jai eremua askea bihurtzeko konpartsakideek, Bilboko Mugimendu Feministak eta beste bilbotarrek egin duten lan boluntarioa, ekarpen horiek gabe ezinezkoa litzatekeelako herritik eta herriarentzat sortutako jaiak modu aske eta seguruan bizitzea». Datozen urteetara begira, gainera, «auzolana eta elkarren zaintza» oinarri dituen jai eredua berresten dutela adierazi dute.

Herritarren parte hartzea «izugarria» izan dela ere nabarmendu dute. Adibidetzat jarri dute, besteak beste, sukaldaritza lehiaketan 610 lapiko inskribatu izana, hiri krosean 2.000 korrikalarik izena eman izana, eta jaigunean denera izandako 530 ekintzek izandako erantzuna.

Bereziki aintzatetsi nahi izan dute, gainera, Itziar Urtasun Bilboko Jaietako zinegotziarekin eta haren taldeko kideekin izandako harremana, «baita arazoak iraultzeko erakutsi duten prestasuna ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.