Ekialde Hurbila

Palestinako Presoen Elkartea gose greba masibo bat hastekoa da

Kolektiboaren asmoa da ekintzaren bidez Israelgo funtzionarioek egiten dieten errepresioa salatzea. Israelek bi gazte palestinar hil ditu Zisjordanian. Kanpalekuetan errefuxiatuta zeuden 25 eta 26 urteko gazteak ziren.

Israelgo segurtasun indarrak, Nablusen, asteartean egin zuten sarekada batean, palestinarrak atxilotzen. ALAA BADARNEH, EFE
Igor Susaeta - Jon Ordoñez Garmendia
2022ko irailaren 1a
11:35
Entzun

Israelgo funtzionarioek kartzeletan egiten duten errepresioa salatzeko asmoz, Palestinako Presoen Elkartea gose greba masibo bat hastekoa da. Hori jakinarazi du Addameer giza eskubideen alde lan egiten duen GKE gobernuz kanpoko erakundeak. Horren arabera, gose grebarekin «beste pauso bat» emango dute, eta jarraipena eman azkeneko bi asteetan preso palestinarrek egindako desobedientzia zibileko ekintzei —eserialdiak, janaria kolektiboki itzultzea eta, besteak beste, eguneroko zenbaketaren prozesuan ez parte hartzea—. Horrekin lotuta, Khalil Awawdeh Palestinako presoak 182 egun daramatza gose greban.

Bestalde, zenbait hedabidek jakinarazi duenez, Israelek bi gazte palestinar hil ditu bart Zisjordanian. Horietako batek Samer Khaled zuen izena, eta 25 urte zituen. Balatako errefuxiatu kanpalekuan bizi zen, Nablus ondoan. Maan News egunkariaren arabera, lepoan egin diote tiro Israelgo soldaduek. Besteak Jazan Afana zuen izena, eta 26 urte zituen. Beit Ilmako errefuxiatu kanpalekutik gertu hil dute, The Times of Israel egunkariaren arabera. Buruan tiro eginda hil dute.

Palestinako segurtasun iturrien arabera, Israelgo soldadu eta polizia ugari sartu da gauean Balatako errefuxiatu kanpalekuan atxiloketak egiteko, eta palestinarrak protesta egitera atera dira kalera, soldaduen bidea oztopatzera. Iturri horien arabera, teilatu batean zegoela jo diote tiroa Afanari.

Azken egunetan, liskarrak areagotu egin dira Zisjordanian. Israelgo soldaduek eta poliziek sarekadak ugaritu dituzte palestinarrak atxilotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.