KORONABIRUSA

Omikronera egokitutako txertoak baimendu ditu EMAk

Sendagai agentziak baiezkoa eman die Comirnaty (Pfizer/BioNTech) eta Spikevax (Moderna) txertoei, Europan oroitzapeneko dosi gisara erabiltzeko.

Pfizer/BioNTech laborategien Comirnaty txertoa. ERNESTO GUZMAN JR / EFE
Ion Orzaiz.
2022ko irailaren 1a
15:45
Entzun

EMA Sendagaien Europako Agentziak oniritzia eman die COVID-19aren omikron aldaera batzuetara egokitutako bi txertori: Pfizer/BioNTech enpresen Comirnaty eta Moderna enpresaren Spikevax prototipoei, hain zuzen. SARS-CoV-2 birusaren jatorrizko aldaeraren aurkako babesa eskaintzeaz gain, txerto horiek babes gehigarria eskaintzen dute omikron BA.1 azpialdaeraren aurka. Hortaz, sendagai agentziaren arabera, eraginkorragoak izanen lirateke gaur egun zirkulazioan den birusaren aurka.

«Txertoak egokitzen edo eguneratzen dira eraginkorragoak izan daitezen SARS-CoV-2aren aldaera berrien aurka. Egokitutako txertoek babes zabalagoa eskaintzen dute hainbat aldaeraren aurka, eta, hortaz, espero dugu lagungarri izanen direla COVID-19aren aurkako babes optimoari eusteko, birusa eboluzio betean den bitartean», azaldu du agentziak ohar batean. BA.4 eta BA.5 azpialdaeren aurkako txerto prototipoak aztergai dituzte oraingoz. «Laster igorriko dugu horien gaineko ebaluazioa, eta, baimena lortuz gero, are gehiago indartuko litzateke Europan eskuragarri diren txertoen bilduma».

Comirnaty eta Spikevax 12 urtetik gorakoei jartzeko baimena eman du EMAk, oroitzapeneko dosi gisa. Hau da, jatorrizko txertoen bi edo hiru dosi jarriak dituztenei soilik jarriko diete sendagai berria Europan.

Txerto berriek eragin ditzaketen nahi gabeko ondorioei dagokienez, EMAk azaldu du orain arteko ikerlanetan atzemandakoak «arinak» izan direla, eta denbora gutxiren buruan desagertu direla. «Orain arteko txertoek eragindako ondorioen antzekoak dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.