Unibertsitatera sartzeko proba aldatzeko asmoa iragarria du Espainiako Gobernuak. Hezkuntza Ministerioak uztailean aurkeztu zuen dekretuaren lehen zirriborroa, eta, horren arabera, erdira murriztuko dute azterketa kopurua, eta, ministerioaren esanetan, «konpetentzietan» oinarrituagoa egongo da. Hain justu, selektibitate berria eta haranzko trantsizioa gai zentraletako bat izan dute Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Pilar Alegria Espainiako Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroak gaur goizean izan duten bileran.
Selektibitatean egin asmo dituzten aldaketek «kezka» sortzen dutela aitortu du Bildarratzek bilera osteko agerraldian, baina zehaztu du Espainiako Gobernuko bere homologoarekin adostu duela prozesuan «eskutik» joatea. Halako «garrantzia» duen proposamen batek «aldez aurreko lana» eskatzen duela ohartarazi dio Bildarratzek Alegriari, eta beharrezkotzat jo du «eskumenen araberako ebaluazio eredu baterako trantsizioa» egitea. Hori, baina, «modu pausatuan eta arautuan» egiteko eskatu dio.
2026-2027ko ikasturtea jomugan
Selektibitate eredu berria 2026-2027ko ikasturtean indarrean sartzea nahi du Espainiako Gobernuak, baina «gradualki» egin nahi du trantsizioa, hurrengo ikasturtean hasita. Behin betiko hautaproba ezarri arte, sarbideko probak lau ariketa izango lituzke, eta bakoitzak %25 balioko luke. Lehenbizikoa ikasleek berek hautatutako modalitate baten azterketa izango litzateke. Bigarrena eta hirugarrena derrigorrezko bi ikasgairen azterketek osatuko lukete: Filosofiaren Historia eta Espainiako Historia. Laugarrena, berriz, heldutasunaren proba izango litzateke. Horretan, ikaslearen «analisi eta balorazio» gaitasuna aztertu nahi dute. Horretarako, dosier bat izango dute ikasleek, gai beraren inguruko dokumentuz osatutakoa. Ikasleek informazio hori aztertu beharko dute, eta askotariko galderak erantzun. Galderok gaztelaniaz, ikasle bakoitzak hautatutako atzerriko hizkuntzan eta eskualde bakoitzeko gaztelaniaz besteko hizkuntza ofizial batean egongo dira.
Trantsizio fasea igarota, «heldutasun probak» %75 balioko luke, derrigorrezko ikasgaien azterketen balioa bereganatuko bailuke. Ikasleak hautatutako modalitatearen azterketak, berriz, %25 balioko luke.
Selektibitateaz ez ezik, hezkuntza lege berriaz ere aritu dira Bildarratz eta Alegria; bereziki, eskola segregazioari aurre egiteko neurriez eta Hezkuntzako Euskal Zerbitzu Publikoaz. Halaber, irakaskuntzarako prestakuntzan egin nahi dituzten aldaketak elkarrekin koordinatuta bultzatuko dituztela adierazi du Jaurlaritzak. «Hezkuntza Sailak identifikatuak ditu bere ustez jorratu beharreko esparruak: hasierako prestakuntzarako sarbidea (graduak eta masterra), irakaskuntza gaitasunen eta funtzio publikorako sarbidearen inguruko hausnarketaren aldeko apustua egitea, eta irakaskuntza funtzioa betetzeko ebaluazio prozedurak bultzatzea», zehaztu du.