Arturo Colorado

«Etorkizun esperantzagarriagoa irudikatzen du De la Sotaren koadroen itzultzeak»

Bilboko Arte Ederren museoan izan da Madrilgo Complutense unibertsitateko historia katedraduna, bi koadroen aurkezpen publikoan. Publiko artean, aurkezpenean haren izena bitan aipatu duten arren.

Arturo Colorado historia katedraduna. ARITZ LOIOLA/ FOKU
Inigo Astiz
2022ko irailaren 2a
16:22
Entzun

Historia du ikergai Arturo Colorado Madrilgo Complutense unibertsitateko historia katedradun eta irakasle emerituak (Huelva, Espainia, 1950), sakon ikertu du 1936ko gerrako eta haren osteko kultur ondarearen harpilatzea, eta, besteak beste, Arte, botín de guerra. Expolio y diáspora en la posguerra franquista liburuaren egilea ere bada (Artea, gerrako harrapakina. Espolioa eta diaspora gerrondoko frankistan). Eta, beraz, «historiko» hitza ez da debaldekoa haren ahotan, baina, hain justu, horixe da Espainiako Gobernuak Ramon de la Sota Llanos sendiari bi koadro itzuli izana deskribatzeko baliatu duen hitza.

Zer garrantzi du familiak bi artelan horiek bueltan jasotzeak?

Oso garrantzitsua da, aurrekari esanguratsu bat ezartzen diolako jadanik zaharra den eskari batentzat. Errepublikar askok sufritu zuten frankismoaren espolioa, eta honek ate bat ireki diezaioke zor zahar-zahar bati.

Ate hori itxita egon baita orain arte, ezta?

Erabat itxita. Oraingoan [Espainiako Gobernuko] Industria Ministerioak onartu egin du itzulera hori eta justiziazko ekintzat eztabaidaezina dela esango nuke.

Norabide aldaketa bat ere iragarri dezake?

Jarrera eta norabide aldaketa erabatekoa da hau, eta horrek aukerak zabaltzen dizkie bateko eta besteko aldarrikapenei.

Ondare asko dago oraindik berreskuratzeko?

Piloa.

Kalkulatzerik badago?

Guk orain arte ikertutakoaren araberako zifra batzuk baditut. Errepublikak bildu eta frankistek kudeatutako 17.000 artelaneko multzoa aztertu dugu guk, eta gure ikerketa taldeak beren jatorrizko jabeak ez zirenen eskutan lokalizatu ditu haietako 8.000. Eta, beraz, oraindik aldarrikapen, bilaketa eta lokalizazio lan handia geratzen zaigu egiteko, eta, noski, baita lanak bueltatzekoa ere, horretarako aukera dagoenean.

Artelanak topatutakoan ere, oraindik dokumentu, argazki eta erreferentzia pilo bat beharko dira artelanak beren jabeenak direla frogatzeko.

Hori da. Baina badaude aurrekari garrantzitsuak ere. Badira lan hori egina duten hainbat herrialde Europan; Frantzia, esaterako. Artelanak bilatzeaz harago, artelan horien benetako jabeak bilatzen ere saiatu dira han. «Koadro hauen jabeen bila» izenburuarekin egindako hainbat erakusketa egin dituzte, kasurako. Erakusten zituzten artelanak, eta haien jabeen bila heltzeko baliatzen zuten lan hori.

Ekimen horiek gobernuak bultzatu ditu?

Noski. Naziek indarrez ebatsitako lanak bilatzeko egin dute lan hori. Parisko Louvre museoan kongresua egin zuten iazko uztailean gaiari buruz, eta nik neuk ere hitzaldi bat emateko aukera izan nuen bertan. Artelanak benetako eta zilegizko oinordekoei nola itzuli aztertzea zen asmoa.

Eta Espainiako Gobernuak orain arte ez du ekimenik hartu?

Ez. Horregatik irudikatzen du etorkizun esperantzagarriago bat bi koadro hauen itzultzeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.