Ondarea

Frankismoak lapurtutako bi koadro bueltan jaso ditu De la Sota sendiak

Ramon de la Sota y Llanoren familiari 1937an konfiskatutako artelanen multzoko parte ziren bi lanak. Espainiako Gobernuak sendiari itzuli dizkio orain, eta Bilboko Arte Ederren Museoan utzi dituzte haiek. Ondare mota horrekin jokatzeko moduan norabide aldaketa bat dakar ekintzak

Ramon de la Sota Chalbaud Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eta María Reyes Maroto Illera Espainiako Gobernuko ordezkaria berreskuratutako bi lanekin. ARITZ LOIOLA/FOKU
Inigo Astiz
2022ko irailaren 2a
15:02
Entzun

«85 urte iraun duen bidegabekeria bat konpontzen du honek». Inkautazioaren unea ez ezik, inkautazioaren unetik gaur egunera arteko denbora tarte osoa hartu du kontuan Maria Reyes Maroto Illera Espainiako Gobernuko Industria, Komertzio eta Turismo ministroak bidegabekeriaren tamaina irudikatzeko. 1937ko urriaren 5ean eta 7an eman zuen Bilboko Erantzukizun Politikoen Auzitegi Bereziak Ramon de la Sota y Llanok Ibaiganeko jauregian gordea zuen 170 margolaneko multzoa konfiskatzeko agindua, eta, 1980ko hamarkadan familiak haietako asko berreskuratzea lortu arren, desagertuta egon dira geroztik haietako bi. 2018an identifikatu zituzten Almagroko paradorean zintzilik. Orduan eskatu zioten Espainiako Gobernuari itzul ziezazkietela, eta, hiru urteko prozesu judizialaren ostean, gaur aurkeztu dituzte publikoki. Eta norabide aldaketa garrantzitsua iragar dezake ekintzak Madrilek orain arte gisa horretako ondarearekin izan duen politikan.

Ikusi gehiago:Arturo Colorado: «Etorkizun esperantzagarriagoa irudikatzen du De la Sotaren koadroen itzultzeak»

Cornelis van der Voort artistaren 1623ko Gizon gazte baten erretratua eta Luis de la Cruz y Riosen eta haren lantegiaren 1833ko Maria Kristina Borboikoaren erretratua dira De la Sota senideak berreskuratutako bi lanak. Bilboko Arte Ederren Museoari utzi dizkiote orain bi lanak, eta bertan egongo dira ikusgai.

Familia gehiagorentzako eredua

«Erreparazio morala». Hitz horiekin deskribatu du koadroak bueltan jaso izana Ramon de la Sota Chalbaudek. Ramon de la Sota y Llanoren birbiloba da, eta, dioenez, haientzat ez ezik, Espainiako Gobernuak egindakoak atea zabaltzen die, eurei bezala, frankismo sasoian artelanak lapurtu zizkieten beste sendi batzuei ere. «Egun berezia da, eta espero dut beste familia batzuk ere animatuko dituela honek beren obrak berreskuratzera».

«Justizia ekintza bat» izan da koadroen itzultzea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuaren hitzetan. Eta De la Sota familiako kideek Euskal Herriko ekonomiaren eta enpleguaren alde egindako lana ez ezik, nortasun, kultura eta hizkuntzaren alde egindakoa ere goraipatu zuen.

Izen ezaguna da De la Sotarena Euskal Herrian. Euskalduna ontziolako fundatzaile ez ezik, EAJ alderdiko ordezkari esanguratsua izan zen Ramon de la Sota y Llano. 1936an hil zen, kolpistek gerra hasi eta aste gutxira, eta hil eta urtebetera ere haren aurkako epaia eman zuten frankistek, izandako ardura politikoengatik, eta 100 milioi pezetako isuna jarri. Haren seme Ramon de la Sota Aburtok ere Bilbo utzi behar izan zuen gero, eta Miarritzen hartu zuen aterpe, harik eta 1979an hil zen arte.

Prozesu «azkarra»

Familiak sekula ez zituen galdutzat eman artelanak, eta hainbatetan aritu ziren buelta ziezazkieten eskatzen. 1969an jaso zuten bueltan lehen obra sorta, eta 1982an lortu zuten beste hainbat berreskuratzea, prozesu judizial luze baten ondoren, eta Ogasunari 62 milioi pezeta ordaindu ostean. Familiak hala nahita, berreskuratuz joandako bilduma haren parte izandako hainbat obra eman zizkieten De la Sota sendikoek Euskal Herriko hainbat museori, eta, gaur egun, horri esker daude bilduma haren parte izandako hainbat lan Bilboko Arte Ederren Museoan eta Donostiako San Telmo museoan.

Duela hiru urte jaso zuen Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak lapurtutako bi koadroei buruzko abisua. Aitortu duenez, koadroak berreskuratu ahal izateko prozesua «luzea» izango zela espero zuten orduan hala sendiak nola berak ere, baina alderantzizkoa gertatu dela esan du. «Justiziazkoa» eta «eraginkorra» ez ezik, Espainiako Gobernuaren lana «azkarra» izan dela ere gaineratu du horregatik.

Rembrandten aurrekari

Duela bi hilabete eskas jaso zituzten bi koadroak Bilboko Arte Ederren Museoan, ekainaren 17an. Obrak zaharberritzen eta haiei buruz ikertzen aritu dira geroztik, eta horri esker zehaztu ahal izan dituzte koadroen benetako egileak. Bietan okerra izan baita orain arte erabilitako sinadura.

Frans Pourbus margolari flandriarra jo izan dute orain arte Gizon gazte baten erretratua lanaren egiletzat, baina okerra da datua, Bilboko museoko ikerlariek ondorioztatu dutenez. Adituen artean, aurrez ere, zalantza pizten zuen margolanaren goialdean idatzitako datak. Bertan zehazten zenez, 1623koa baita koadroa, eta, aldiz, 1622an hil baitzen artista. Estiloa aztertuz jakin ahal izan dute margolana benetan Conrelis van der Voort artistarena dela (Anberes, 1576- Amsterdam, 1624), eta, horri esker, Rembrandtengandik urrats bakarrera utzi ahal izan dute koadroa. Adituek aitortua baitute Van der Voorten erretratugintzak harengan izandako berebiziko eragina.

Eta beste koadroaren kasuan ere egiletza okerra zela ondorioztatu dute museoko ikerlariek. Koadroak Vicente Lopez artistaren sinadura izan arren, izen hori koadroa bukatu ostean gehitu zitzaiola erakutsi dute argi infragorriz egindako azterketek, eta benetan Luis de la Cruz y Rios artistaren eta haren lantegiarena da obra.

De la Sotatarren erakusketa

Estuki lotuta daude De la Sota familiaren abizena eta Bilboko Arte Ederren Museoa. Obra esanguratsuen sorta bat eman dio sendiak museoari. Ramon de la Sota y Llanok erosita heldu zen erakundera Ignacio Zuloagak margotutako Mathieu de Noailles kondesaren erretratua, eta familiaren ekarpena dira gaur egun bildumaren parte diren Anselmo Guinearen, Adolfo Guiarden, Quintin de Torreren, Ignacio Gezalren, Francisco Goyaren eta Luis Moralesen artelanak.

Museoaren modernizazioan familiak jokatutako rola ere izan du gogoan museoko zuzendariak, eta horregatik iragarri du sendi horri lotutako erakusketa bat antolatzeko asmoa ere. Zugaza: «Gaur egungo Arte Ederren Museoa ezin da ulertu De la Sota familiarik gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.