Nafarroako Gobernuko bozeramaile izendatu dute Elma Saiz

Javier Remirezek presidenteorde karguan jarraituko du.

Elma Saiz, artxiboko irudi batean. IñIGO URIZ / FOKU
2022ko irailaren 5a
11:01
Entzun

Urte politikoaren hasierak aldaketak ekarri ditu Nafarroako Gobernuan. Ekonomia eta Ogasun kontseilari Elma Saiz gobernuko bozeramailea ere izango da aurrerantzean. Javier Remirez presidenteorde eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Kontseilariaren lekua hartuko du Saizek. Nafarroako presidente Maria Txibitek gaur goizean sinatu du foru dekretua.

Gobernuak jakinarazi duenez, «gobernuaren arlo ekonomikoak legegintzaldiaren azken txanpan hartuko duen lehentasun publikoa» da aldaketa egiteko arrazoia: «Nafarroako 2023ko aurrekontu orokorrak onartzea eta Europako funtsak jaso eta kudeatzea izango baitira berehalako erronkak». Horrekin batera, baita egungo egoera ekonomikoari eta energetikoari aurre egitea ere. Gainera, Nafarroako Parlamentuan azalpenak ematekoa da Saiz, COVID-19ari aurre egiteko maskaren erosketen auziagatik.

Remirez legealdi hasieratik izan da Nafarroako Gobernuko eleduna, baina oposizioaren kritika ugari jaso ditu, COVID-19ak eta Ukrainako gerrak eragindako krisi egoerei emandako erantzunagatik. Hala, Saizek beteko ditu eledun lanak datozen bederatzi hilabeteetan; 2023ko maiatzean egingo dituzte Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak. Halere, Remirezek presidenteorde karguan jarraituko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.