Salmentak

Janari kate handietako salmentak %5,2 jaitsi dira uztailean

Eustaten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako saltoki handiek %1,5 gutxiago saldu dute ekaineko datuekin alderatuta.

Eroskiren supermerkatu bat. EROSKI
xabier martin
2022ko irailaren 5a
12:28
Entzun

Saltoki handien irabaziek markak hautsi zituzten 2020. urtean, pandemiak etxerako kontsumoa izugarri hauspotu baitzuen, eta kanpokoari kalte egin. 2021ean nabaritu zen jada itxialdiak atzean gelditzen hasiak zirela, eta, 2022an, are nabarmenagoa da etxerako kontsumoa pandemia aurreko mailara itzultzen ari dela. Hala, %5,2 salmenta gutxiago egin dituzte aurtengo uztailean janari kate handiek, iazko hil berarekin alderatuta. Aurtengo ekainaren aldean ere, salmenten bilakaera negatiboa izan da: %1,5eko jaitsiera izan da, urtaroko eraginik gabeko terminoetan.

Sektoreka, aurreko hilabetekoekin alderatuta, atzerakada izan da elikaduran (-%1,2) eta gainerako produktuetan ere bai (-%2,0). Urte arteko tasan, 2021eko uztailarekin alderatuta, salmenten bilakaera ere negatiboa izan da bi sektoreetan: %6,8 gutxiago elikaduran eta %2,2 gutxiago gainerako produktuetan.

2022ko lehen zazpi hilabeteetan, saltoki handietako eta janari kate handietako salmenten apaltzea %1,7koa izan da. Jaitsiera hori elikaduran metatutako salmenten jaitsierak eragin du (-%5,7), salmentak %7,1 igo baitira gainerako produktuetan. Aurten, orain arte izan den eboluzio metatua negatiboa izan da Gipuzkoan (-%3,5), Araban (-%3,2) eta Bizkaian (-%0,2). Hala ere, saltoki handietako langile kopuruak %0,2 egin du gora 2021eko uztailaren aldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.