Energia krisia

Gasa %30 garestitu da Nord Stream gasbidearen itxierarekin

Errusiak ostiralean jakinarazi zuen mantentze lanetarako geldialdia luzatu egingo zuela, noiz arte argitu gabe. Gasaren prezioak gora egin du eta euroaren dolarrarekiko balioak behera. Burtsetan ere galerak izan dira.

Gazpromeko prentsa bulegoak zabaldutako irudia, non olio isuri bat ikusten den konexio plaka batean. RUSSIAN GAZPROM PRESS SERVICE / EFE
Irune Lasa.
2022ko irailaren 5a
12:45
Entzun

Aste erabakigarria aurrean, astelehena gogorra etorri da Europarentzat. Ostiral arratsean (merkatu asko itxita zeudela) iragarri zuen Gazpromek Nord Stream 1 gasbidetik gasik bidali gabe jarraituko duela isuri bat dela-eta, hiru egunetakoa izan behar zuen mantentze lanetarako itxiera datarik gabe luzatuz.

Alemaniak eta ekialdeko herrialdeek jada espero zuten, gerta zitekeela edozein unetan Errusiako gasik gabe gelditzea. Eta badirudi Kremlinak ostirala hautatu zuela horretarako, G7ari ordu gutxitan erantzunez, herrialde aberatsenek petrolio errusiarrari gehieneko prezio global bat ezartzeko proposamena adostu zutelako.

Gasbidea gurutze bide

Kremlinak gaur bertan jarraitu du esaten Nord Stream 1etik gasik ez igarotzea Mendebaldeak Errusiari jarritako zigorren errua dela; gasbidea turbina bakarrarekin dabilela eta hura konpondu behar dutela, isuri bat duelako. Turbinaren egileak, Siemens konpainia alemaniarrak, dio halakoak konpontzen direla, eta konpondu izan direla gasa garraiatu bitartean ere.

Gazprom gezurretan ibili ala ez, berdin dio. Garai honetan Errusiako gasik gabe gelditzeak Alemanian eta Europa Ekialdean gas naturalaren errazionamendua eta atzeraldi ekonomikoa ekar ditzakeela kezka handia. Alemaniak gaurko egunez, bere gas biltegiak %86an ditu beteta, baina energia arautzailearen arabera, %95ean beterik izango balitu, Errusiako gas gehiago gabe, herrialdeak soilik bi hilabete eta erdirako gasa luke.

Nola ez, astelehenarekin merkatu asko zabaldu direnean, gasaren prezioa izan da lehena igartzen Ukrainako gerraren nazioarteko jokalekuko azken norgehiagoka. Eta kolpea handia izan da. %30 garestitu dira Herbehereetako TTF gerokoak, megawatt-ordua 272 eurotan salerosteraino.

Euroa eta burtsak

Euroa izan da gas eskasiaren inguruko kezkek ukitu duten lehenetakoa: hogei urtean lehen aldiz, hots, sortu zenetik, euroa 0,99 dolarretatik azpira, (0,9899 dolarretan) salerosi da dibisa merkatuetan.

Europako burtsetan ere, ezkortasuna nagusitu da hilabeteotan EBko ekonomiak eta enpresek izan dezaketen bilakaeraz. Alemanian DAX indizeak %3,3ko galera iritsi du goizeko lehen orduan, Frantziako CAC indizeak %2,2 egin du behera eta Ibex-ak %2. Kapitalizazio handieneko euroguneko 50 enpresa handienak biltzen dituen EuroStoxx indizean ere erorketa %2,5etik gorakoa da.

Neurriak Alemanian

Ikusita zer datorren Errusiako gasik gabe gelditzearekin, atzo igandez, Alemaniako Gobernuak plan handi bat iragarri zuen, 65.000 milioi euroko laguntzekin, herritarrak laguntzeko prezioen igoeraren aurrean. Besteak beste, pentsioen eta prestazioen igoera aurreikusten du planak, eta energia merkatuak egonkortzeko neurriak, prezioei eusteko.

Ez da bakarra izan Alemania. Finlandiak esan du 10.000 milioi euro jarriko dituela, argindarraren prezioak baretzeko eta Suediak 23.000 milioi euro jarriko ditu energia konpainiak babesteko merkatuetan operazioak egiteko dituzten finantza zailtasunak.

EBZren unea

Aldagai guzti horiei eta beste askori ere begiratu beharko diete aste honetan Europako politikaren bi gune garrantzitsutan. Lehen hitzordua Frankfurten izango da; Europako Banku Zentralaren Gobernu Kontseiluak ostegunean interes tasak zenbat igo erabaki beharko du, euroguneko hainbat herrialdetan bi digituak iritsi dituen inflazioa apaltzeko. Ez du lan makala, diru garestiagoaren eragina mugatua duelako energia eskaria apaltzen.

Uda aurretik, banku zentralaren asmoetan irailerako 0,25 puntuko igoera bat aurreikusten zuten analistek. Baina udazkena bertan, gauzak asko aldatu dira, eta gero gehiago dira inflazioari eusteko tasen igoera handiagoa —0,75 puntukoa— eskatzen duten ahotsak.

Goi bilera

Aste erabakigarrian beste hitzordu inportantea ostiralean izango da, Europako Batasuneko Energia ministroek larrialdiko bilera izango dutelako, batez ere energia merkatuei buruz hitz egiteko. Proposamen desberdinak daude, energia merkatuetan esku hartzeko. Dena den, ez da erabaki formalik espero ostiraleko bilkuratik, printzipioz erabakiak datorren astean jakinaraztea da asmoa.

Batasuneko presidentetza duen Txekiar Errepublikak, besteak beste, gasaren prezioa mugatzea proposatuko du ostiralean, eta baita ere merkatuko likidezia handitzeko neurriak, eskariaren murrizketa koordinatua, karbonoa isurtzeko eskubideen erregimena berriz aztertzea, eta argindar konpainien irabaziak mugatzea.

Argindar eta oro har energia konpainien irabazi handiak eta haien gaineko zerga bereziak ez dira hizpide soilik Repsoleko Josu Jon Imaz kontra agertu delako. Alemaniak ere 65.000 milioi euroko bere planaren zati bat argindar konpainiei zerutik eroritako irabaziak zergapetuta ordaindu nahi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.