Pentsioak

Pentsioak KPI errealaren arabera eguneratu daitezen estutuko dute pentsiodunek udazkenean

Inflazioaren bilakaera ikusita, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dute 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea

Pentsiodunek Bilboko udaletxe aurrean eginiko elkarretaratzea. IMANOL MAGRO EIZMENDI
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko irailaren 5a
13:44
Entzun

«Udazkenarekin milaka langile lanpostuetara itzuliko dira, eta gure lanpostua kalean dago, gure aldarrikapenak lortzeko borrokan». Jon Fano Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kideak hitz horiekin deitu ditu mobilizazioetara Euskal Herri osoko pentsiodunak. Aurten gainera eskaerak oso argi dituzte: pentsioak KPI errealaren arabera igotzea, eta «inoiz baino gehiago» gutxieneko pentsioa 1.080 euroan ezartzea. «Udazken beroa» iragarri dute, hainbat mobilizazioekin, eta garrantzitsuena azaroan izango da KPIaren igoera zehatzarekin.

«Iaz %3ko igoera lapurtu ziguten, eta aurtengo inflazio datua ikusita bi urtetan %10eko galera jasa dezakegu. Espainiako Gobernuan dauden alderdiek hauteskunde kanpainan hitz eman zuten pentsioak KPI errealaren arabera igoko zituztela eta hori eskatuko diegu». Baina nola? Fanok Bilbon eginiko ikasturte berriko lehen elkarretaratzea eman du mobilizazioen berri. Hasteko hilaren 26an manifestazioa deituko dituzte bankuek pentsioen auzian duten jarrera salatzeko. Ondoren, urriaren 15an Madrilera joango dira Espainiako beste elkarte batzuekin batera, eta azaroan Euskal Herrian irtengo dira kalera, ordurako pentsiodunen eguneratzearen gaia pil-pilean egotea espero dutelako.

Pentsiodunak kritiko izan ziren Espainiako Gobernuak pentsioak eguneraketa kalkulatzeko iaz ezarri zuen sistemarekin, eta aurten berriz ere ekingo diote norabide horretan. Hilabetekoen batez bestekoa bainoago, erreala nahiago dute. Eskaera nagusia dela argi dute, 1.080 euroko gutxieneko pentsioarekin batera. «Botere ekonomikoek esaten digute burutik jota gaudela, ea nola posible den guk hori eskatzea langileen soldatzen eguneratzeen batez besteko txikiagoa denean. Baina guk ere soldaten eguneratzea eskatzen dugu», gehitu du Fanok.

Elkarretaratzean gogoratu dute, haien datuen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 153.000 pentsiodun pobrezia egoeran bizi direla, eta horietatik 72.000 «muturreko pobrezian», alegia, 688 euro baino gutxiagoko pentsioekin. Horietatik gehienak emakumeak dira, asko, alargunak. Zentzu horretan, bankuak ere presio egiten ari dela salatu dute pentsio pribatu planak ugaldu daitezen, eta aldarrikatu dute pentsio sistema publikoa jasangarria dela: «Pentsio duinak ez dira gastu bat, eskubide bat baizik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.