Gerra Ukrainan

Itzali egin dute Zaporizhiako zentralean piztua segitzen zuen erreaktore bakarra

Errusiak eginiko bonbardaketengatik gelditu dute erreaktorea, Energoatom enpresaren arabera.

jarraia217842.jpg
Uxue Rey Gorraiz-Arantxa Elizegi Egilegor
2022ko irailaren 5a
17:14
Entzun

Beste itzalaldi bat Ukrainako Zaporizhiako zentralean. Energoatom enpresak jakinarazi duenez, gelditu egin dute zentral nuklearrean honezkero piztua gelditzen zen erreaktore bakarra. Zabaldutako informazioaren arabera, Errusiaren erasoaldi batengatik deskonektatu behar izan dute Ukrainako argindar saretik. Erreaktore horrek egiten zuen zentralaren eta Ukrainako sare elektrikoaren arteko lotura.

Ikusi gehiago: Erreaktore itzaliek prezioak piztu dituzte

Energoatomen arabera, bonbardaketa bat izan da zentralean, sute bat piztu da ondorioz, eta ezinbestean itzali behar izan dute erreaktorea. Zentrala Errusiaren kontrolpean dago joan den martxoaz geroztik, baina ukrainarrak dira bertan lanean ari diren teknikariak.

Ukrainako Energia ministro German Galuxtxenkok azaldu duenez teknikariek ezin izan dute zentrala Ukrainako argindar sarera konektatu, bonbardaketak izan direlako. Bigarren aldia da halako itzalaldi bat gertatzen dena. Abuztu amaieran eta historian lehen aldiz hainbat orduz geldirik izan ziren zentraleko sei erreaktoreak, orduan ere sute baten ondorioz. Ordu hartan erreaktoreetako bat abian jartzea lortu zuten, baina soilik %10ean.

Zentraletik oso gertu dago uneotan gerra frontea, eta bi aldeek elkarri leporatzen diote hura arriskuan jartzea, Nazioarteak eskatuta Zaporizhian izan da IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren ordezkaritza bat ere, baina bonbardaketak hasi baino ordu batzuk lehenago utzia zuen instalakuntza. Hori bera nabarmendu du Galuxtxenkok: «Nazioarteko ordezkaritzak atea zeharkatu bezain laster itzali dute erreaktorea».

Kontraerasoa

Bien bitartean, Ukrainako presidentearen aholkulari Mikhailo Podoliakek aholkatu die Krimeako herritarrei bonbardaketetarako babeslekuak presta ditzatela, eta horietan edateko ura pilatu dezatela, «desokupazio operazioa» hasten denerako. Krimeako penintsula izan da Errusiaren esku erori den lehenengotariko eremua, eta Volodimir Zelenski presidenteak behin baino gehiagotan ohartarazi du gerra ez dela amaituko hura berriz ere Ukrainaren esku geratu arte.

Kieven arabera, beti ere, Ukrainako indarrek aurrera egin dute Kramatorsk inguruetan, eta Errusiako armada dagoen eremura gerturatu dira. Horrez gain, Moskuren erasoei aurre egin diete beste herrialdearen ekialdean. Kharkiven, esaterako, ehun hildako eta zauritu utzi dituzte Ukrainaren bonbardaketek, baita bi gerra ibilgailu suntsitu ere.

Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek, berriz, berretsi du Ukrainari laguntzen jarraituko dutela bai ekonomikoki baita armen bitartez ere, «Errusiaren mehatxuei aurre eginez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.