Albistea entzun

Erreaktore itzaliek prezioak piztu dituzte

Mantentze lanen eta herdoiltze arazoen ondorioz, Frantziako parke nuklearraren ekoizpena ia bi heren txikitu da, eta argindarra esportatzeari utzi behar izan dio
Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2022ko irailak 4

Lehen 50 euroan zena orain mila euroan. Prezioen muturreko igoeren bila ari denak erraz dauka: begira ditzala handizkako argindar merkatuak, horietan beste inon baino handiagoak baitira urte batetik besterako aldeak. Eta muturretan muturrena nahi duenak, Frantziara begira dezala; argindar merkearen esportatzaile zena argindar garestiaren inportatzaile da, eta han gainditu du argindarraren megawatt-orduak mila euroren langa.

Halako emendatzearen zergatia aurkitzea ez da zaila: energia nuklearra da. Edo, hobeto esanda, azken 40 urteetan Frantziako gobernuek energia nuklearraren alde egin izana erabat. Valery Giscard d'Estaing presidenteak abiarazi zuen politika hori, 1970eko energia krisien ondoren energia menpekotasuna gutxitzeko. Haren ondotik Eliseora iritsitakoek ez dute ildo hori auzitan jarri.

Gertuen ibili dena Emmanuel Macron izan da: 2020an, itxi egin zuen Fessenheimeko zentrala (Alsazia), eta beste erreaktore batzuk itzali nahi zituen bere agintaldian, energia berriztagarriei lekua egiteko. Azken helburu hori alde batera utzi gabe, egoerak nuklearra berriro maitatzera eraman du Macron: beste sei erreaktore irekitzea da orain asmoa.

Ikusteko dago iragarpen hori beteko ote duen; izan ere, EPR modelo berrikoak dira, eta haren lehen saioak, Normandiako Flamanville 3 erreaktoreak sekulako gainkostua eta 11 urteko atzerapena pilatu ditu. Heldu den urtean zabaltzea da orain asmoa.

Espero gabeko arazoak

Baina, Flamanville baino gehiago, martxan dauden erreaktoreak dira orain EDF argindar konpainia publikoaren eta Frantziako Gobernuaren arazo nagusia. Urte batzuk badituzte jada, gero eta gainbegiratze eta ikuskatze konplexuagoak behar dituzte, eta, horiek egin ahal izateko, erreaktoreak geratu behar dira. Pandemia dela eta, azterketa horietako asko 2022rako utzi zituen EDFk, jakin gabe argindar merkatua hankaz gora egongo zela, ekonomiaren suspertze handiaren eta Ukrainako gerraren ondorioz.

Arazoak okertzeko, ikuskatze horietan espero ez zituzten herdoiltze arazoak aurkitu dituzte, eta horiek konpondu behar dituzte. Ondorioa? Aurreko astean Frantziako 56 erreaktoreetatik hogei baizik ez ziren normal ekoizten ari.

Arazoa, gainera, okertzen ari da: uztailean eta abuztu hasieran gaitasun nuklearraren %40tik gora erabiltzen ari zen EDF, baina %35,7 baizik ez aurreko astean, ordurako espero zuen %49tik oso behera.

EDFren kalkuluek zioten nuklearraren ekoizpena %65era iritsiko dela urriaren erdirako, eta neguan erreaktore guztiak zabaldu ahal izango dituela agindu dio gobernuari, Agnes Perrier-Runachter Energia ministroak ostiralean esan zuenez. Ez zaio erraza izango plan hori betetzea; aurreko ostegunean lau erreaktoreren itxiera hainbat astez luzatu zuen, eta bere planak hankaz gora jarri ditu hainbat aldiz.

Saldu beharrean, erosi

Erreaktoreak geratu izanak ezohiko egoera bat sortu du, eta Europa mendebalde osoari eragiten dio. Izan ere, urte normal batean, Frantziaren auzoak EDFren erreaktoreen ekoizpenarekin ordezkatzen zuten udako haize eskasiak eta zentral hidroelektrikoen ekoizpen txikiagoa. Aurten, ordea, kontrakoa gertatzen ari da: Frantziak auzoen argindarra inportatu behar izan du bere eskaria betetzeko. Ostiral eguerdian , esaterako, RTE argindar sarearen kudeatzailearen arabera, 4.581 MWh inportatzen ari zen Alemania-Belgikat, 3.028 MWh Erresuma Batuko saretik, 2.450 Espainiakotik, 1.064 Suitzatik... Esportazioak, une horretan, zero izan ziren. Duela urtebete, berriz, oso bestelakoa zen argazkia: 11.125 MWh esportatzen ari zen, eta 3.555 MWh inportatzen.

Bere beharrak ezin betetzeak ekarri du Frantzian argindarra beste inon baino gehiago garestitzea, nahiz eta gasa %15era ere ez den iristen mix energetikoan.

Gerokoen merkatuan 1.600 euroan salerosi da argindar megawatt-ordua. Eguneko merkatuan, berriz, ordu jakin batzuetan gainditu ditu mila euroak, eta 700-800 euroko batezbestekoak izan zituen abuztu amaieran; duela urtebete, 100 euroan zegoen, eta 50 euroren prezioak ohikoak ziren 2021eko uda arte. Azken astean, Europako Batasunak argindar merkatuan esku hartuko duela iragarri ostean, merkatu egin da, eta, atzo, 416 euroan zegoen megawatt-ordua; egun horretan, ordea, 119an zegoen Espainian eta Portugalen (302, gasaren konpentsazioarekin), eta 287 euroan Alemanian.

Egia da, ordea, herritar gehienek ez dutela halako garestitzerik nabaritu, Frantziako Gobernuak esku hartu duelako. TRV tarifa arautuak %4 emendatu zituen apirilean, eta ez dira ukituko otsailera arte. Ordutik aurrera, zer? Bruno Le Maire Finantza ministroak onartu du emendatu egingo dela, baina agindu du aurten garestitu ez dena ez dela bat-batean 2023an igoko. Herritar guztien argindar faktura merkatu beharrean, bakarrik beharra dutenena merkatuko duela agindu du.

Argindarraren garestitzeari muga bat jartzeak biktima bat eragin du: EDFk berak 5.300 milioi euro galdu ditu 2022ko lehen erdian, eta 8.340 milioi euroren kalte-ordaina eskatu dio gobernuari.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Etxe bat eraikitzen, Iruñean, artxiboko irudian. ©Idoia Zabaleta / Foku

Nafarroako ekonomia %4,3 hazi zen 2022. urtean

Iker Aranburu

Kontsumoaren eskutik, urteko azken hiruhilekoan berriro bultzada izan du barne produktu gordinak, %0,8 hazkundearekin.

Zamaketariak eta portuko beste langileak Baionako portua blokeatzen, atzo, Tarnosen. ©PATXI BELTZAIZ

Erretreten erreformaren aurkakoek Baionako portua blokeatu dute

Iker Aranburu

Erretreta gibelatzeko proiektuari buruzko eztabaida astelehenean hasiko da Frantziako Asanblean

LABek  elkarretaratzea egin zuen azaroan, Adegiren egoitzaren atarian. ©Jon Urbe / Foku

Lehen bilera Gipuzkoako metalgintzan

Irune Lasa

Sindikatuek langileen erosahalmena bermatzeko adinako soldata igoerak nahi dituzte.

Urteko azken hiruhilekoan 9.000 lanpostu galdu dira Hego Euskal Herrian

Urteko azken hiruhilekoan 9.000 lanpostu galdu dira Hego Euskal Herrian

Jokin Sagarzazu

Bereziki zerbitzuen sektorean nabaritu da: 22.700 langile gutxiago daude. Industriak eta eraikuntzak eutsi egin diote, eta enplegua sortzen jarraitu dute.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.