Hiru udal langileren aurkako salaketak artxibatu dituzte Apasos auzian

Sexu erasoen ustezko egilearen aurkako auzibideak, berriz, zabalik jarraitzen du eta ikerketarekin jarraitzeko agindu du epaileak.

Apasos elkarteko boluntario bat, artxiboko irudian. JUANAN RUIZ/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko irailaren 5a
20:43
Entzun

Gasteizko Instrukzio epaitegiko 4.zenbakiko epaileak artxibatu egin ditu Apasos elkarteko zuzendaritzak Animalien Babeserako Zentroko hiru udal langileren aurka jarritako salaketak. Epailearen ustetan, ezin da frogatutzat jo langile horiek sexu abusuak edo sexu jazarpena ikusi edo ezagutzen zituztela. Apasosek salatutako udal langile ohiaren aurkako auzibideak, ordea, zabalik jarraitzen du, epaileak ikerketarekin jarraitzea agindu ondotik.

Epailearen erabakiaren berri izan ondotik, Iñaki Gurtubai Gasteizko zinegotzia pozik agertu da: «Ebazpen judizial honek baieztatzen du zuzen jokatu zutela [udal langileek] eta Apasosek jarritako salaketak ez ziola errealitateari erantzuten. Era berean, nik uste dut Udalak behar bezala jokatu zuela, txakurtegiko zerbitzutik berehala kendu zuelako udal langile ohi baten aurkako ustezko sexu abusuen salaketaren berri izan zuenean; hilabete geroago jada ez zen lanean ari. Beste inork baino lehen, erakunde horrek eman zion Fiskaltzari ustezko sexu-abusu horien berri».

Duela bi urte abiatu zuen auzibidea Gasteizko epaitegiak. 2018ko udaberri-udan, Armentiako udal txakurtegiko langile batengandik sexu abusuak, umiliazioak eta tratu iraingarriak salatu zituzten zazpi emakume boluntariok. 2019ko irailean, gertakari horien berri izan zuten udal arduradunek. Udalak barne ikerketa bat ireki zuen 2020ko uztailean, eta horren berri eman zion fiskaltzari. Apasos elkarteko boluntarioek beste hiru langileri ere leporatu zieten abusuak ezagutzea eta horiek ez etetea, eta salaketa horiek dira orain epailek artxibatu dituenak.

Aurtengo maiatzean, Arabako Probintzia Auzitegiak sei urteko eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion Gasteizko udal txakurtegiko langileari bere bikotekide ohiari eta txakurtegiko boluntarioa izan zenari sexu erasoa egitegatik. 2020. urtetik, espetxean zegoen erasotzailea, epaiketaren zain. Hain justu ere, gizonezko horrek bigarren auzi bat zabalik du oraindik Arabako auzitegian, 2020. urtean Apasos elkarteko lau boluntarioek salaketa bat aurkeztu zutelako bere kontra ustez egindako lan jazarpenagatik eta sexu abusuengatik. Salaketa horren ikerketarekin jarraitzeko agindu du epaileak gaur. Azken erabaki horri buruz ere mintzatu da Gurtubai zinegotzia, ohar bidez: «Prozedura judizialean frogatzen bada langile ohi horrek ikertzen ari diren delituak egin zituela, justiziaren pisu guztia haren gainean erortzea nahiko genuke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.