120.000 euro ordainarazi nahi dizkie Iruñeko Udalak hamar pertsonari, sanferminetako prozesioko istiluengatik

Jarritako salaketetan, «tentsio eta indarkeria egoera bat sortzea» egotzi die udalak, eta 12.000 euroko isuna ezarri dio bakoitzari

Uztailaren 7 prozesioa, Curia kalean. Poliziak herritarrei bultzaka. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko irailaren 6a
12:18
Entzun

Uztailaren 7ko San Ferminen prozesioak soka luzea ekarriko du Iruñean. Auzitegietan bidea egiten ari den prozesuaz gain, bide administratiboa ere zabaldu du Iruñeko Udalak, egun hartan Curia kalean ziren hamar pertsonaren aurka. Zehazki, 12.000 euroko isun bana ezarri diete bakoitzari, «herritarren segurtasuna urratzeagatik, San Ferminen prozesioan parte hartzen ari ziren ordezkari batzuk iraindu eta jazarrita». Besteak beste, «edariak jaurtitzea» eta «tentsio eta indarkeria egoera bat sortzea» leporatzen diete. Guztira, 120.000 euro kobratuko ditu udalak isunetan.

Tentsio handiko eguna izan zen uztailaren 7a Iruñeko alde zaharrean. Jendetza batu zen Curia kalean, San Fermin eguneko prozesioa ikusteko. Iruñeko udaltzainez gain, Hego Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko beste udalerri batzuetako agenteak bertaratu ziren errefortzu gisa, hala nola Gasteizkoak, San Sebastian de los Reyesekoak, Zaragozakoak eta Badajozekoak.

Urtero legez, udalbatzako zinegotziak atera ziren prozesioan, eta tentsioak gora egin zuen Curia kaletik igarotzean. «UPN kanpora» gisako oihuak entzun ziren, eta hainbat aldarrikapen zituzten kartelak atera zituen jendeak, Elizaren eta alderdi politiko eskuindarren aurka, besteak beste. Egun hartan grabatutako irudiek erakusten dutenez, oihuka ari zen jendearen aurka bortizki oldartu ziren zenbait polizia.

Protestan zirenetako batzuk atxilotu zituzten: zortzi lagun, guztira. Horietako bat espetxera eraman zuten, desordena publikoak eragitea, autoritatearen aurkako atentatua, gorroto delitua eta lesioak egotzita. Gainerakoak aske utzi zituzten Mari Paz Benito epailearen aurrean deklaratu ostean. Iruñeko Udalak akusazio partikular gisa parte hartuko du epaiketan.

Prozesioa amaitu eta berehala, Maia alkateak esan zuen erasoak «talde antolatu» batek egin zituela. «San Fermin egunean talde antolatu batek indarkeria handiz eraso egin zien zinegotziei eta Curiako ordezkariei. Denek ikusi ahal izan dituzue hain irudi ezohikoak, gorrotoz eta faxismoz beteak», esan zuen Maiak, ezohiko prentsaurreko batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.