Ekialde Hurbila

Israelgo armadak palestinar bat hil eta hogei zauritu ditu Jeninen

Zaurituen artean bi gazte eta haur bat daude. Apirilaz geroztik, 90etik gora palestinar hil ditu Jeninen eta Nablusen.

Hildakoaren lagunak eta senideak, haren gorpua eramaten, hiletan. ALAA BADARNEH, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko irailaren 6a
12:26
Entzun

Israelgo soldaduek palestinar bat hil eta hogei zauritu dituzte bart gauean Jeninen, Zisjordanian. Hildakoak Mohamed Sabaneh zuen izena, eta 29 urte zituen. Zaurituen artean bi gazte eta haur bat daude; azken horri matrailezurrean tiro egin diote. Palestinako Atzerri ministroak jakinarazi duenez, larri daude zauritu gehienak.

Apirilean Tel Aviven izan zen eraso baten ustezko egilearen etxea botatzera joan dira soldaduak Jeninera. 100 ibilgailu militar sartu dira hirian eta errefuxiatuen kanpalekuan, hondeamakina batekin batera. Soldaduek etxea uztera behartu dituzte bizilagunak, eta orduan sortu dira liskarrak, Maan News agentziaren arabera. Balekin egin dute tiro soldadu israeldarrek palestinarren aurka.

Protestak izanagatik, Israelek azkenean bota egin du Tel Aviveko ustezko erasotzailearen etxea. Hamarkadak dira Israelek botatzen dituela israeldarrak hiltzea egozten dieten palestinarren etxeak, epaiketarik egin ez bada ere. Bart gaueko kasuan Ram Hazamen etxea bota du. Apirilean Tel Aviveko taberna batean hiru israeldar hiltzea leporatu zioten; ihes egin arren, aurkitu eta hil egin zuten. Familiak helegite bat jarri zuen ez zezaten haren etxea bota, baina Auzitegi Gorenak atzera bota zuen.

Apiriletik 90etik gora palestinar hil ditu Israelek Nablusen eta Jeninen, eta 1.500 atxilotu ditu, Olatua hautsi izeneko operazioan. Hildakoen artean zibilak, adingabeak eta kazetariak daude, Shireen Abu Akleh, besteak beste. Hori ere Jeninen hil zuten, errefuxiatu kanpalekuan, buruan tiro bat jota.

Hain zuzen, Israelek atzo aitortu egin zuen litekeena dela soldadu batek hil izana Al Jazeerako kazetaria, baina ikerketarik ez duela hasiko gaineratu zuen, soldaduek ondo jokatu zutelako «palestinar armatuen aurrean». Israelgo armadak esan zuen akats bat izan zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.