ETB

ETBk «emozioen bilgune» izan nahi du denboraldi honetan

Urko Aristik Hitzokei saioa aurkeztuko du arratsaldero, gogoetarako eta solasaldirako tarte berri bat. Lide Hernandok, Klara Mendizabalek eta Iker Laurobak SOS kantak arriskuan programa berria aurkeztuko dute.

ETBren aurkezpena, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
urtzi urkizu
2022ko irailaren 8a
13:26
Entzun

Gasteizko FesTValjaialdiaren barruan, ETBk 2022-2023ko denboraldiko programazioa aurkeztu du gaur goizean. Unai Iparragirre ETBko zuzendariak zera adierazi du: «Partekatu nahi ditugun emozioen bilgune izan nahi dugu. Denetariko emozioak, eta denontzat». Iparragirrek nabarmendu du ETB1en iaz abian jarritako estrategiari eutsiko diotela. «Batez ere, denboraldi berri honetan, albistegiak, kultura eta entretenimendua bultzatzeko ahalegin berezia egingo dugu».

ETB1eko apustu nagusien artean, Mihiluze lehiaketaren itzulera egongo da. Astelehenetik aurrera emango du euskarazko kateak, 21:30ean. Bestalde, hilaren 27an Naufragoak abentura reality-a estreinatuko du kateak.

Baina badira berrikuntza gehiago: Urko Aristi kazetariak Hitzokei saio berria aurkeztuko du –Ahoz aho saioaren tokia beteko du–. Gogoetarako eta solasaldirako tarte bat zabalduko du Aristik. Kultura jakintza eta euskara izango ditu ardatz, eta tarte berezia egingo die euskararekin lotutako albisteei.

Bestalde, SOS kantak arriskuan saio berria —Pausokak ekoitziko du— herriz herri ibiliko da, belaunaldiz belaunaldi transmititu baina erregistratu gabe dauden kanta herrikoiak «salbatzeko» asmoarekin. Gidariak Klara Mendizabal sopranoa eta Liher musika taldeko abeslari Lide Hernando izango dira, Iker Lauroba musikariarekin batera.

Biba zuek! eta Hitzetik hortzera saioak programaziora itzuliko dira, baita Piztu telebista eta Jateko modukoa ere. Artefaktua literatur saioa Ilaski Serranok aurkeztuko du aurten, eta Yolanda Mendiolak zuzendari jarraituko du.

Unai Iparragirrek BERRIAri azaldu dionez, ahalegin berezia egingo dute albistegietan. «Azkeneko urtean, Gaur egun-ek gorakada nabarmena izan du, eta ez genuen espero. Platoa goitik behera aldatuko dugu, inbertsio handia eginda. Gune handia izango da, pantaila erraldoi batekin». Astelehenean hasiko dira Gaur egun berrituarekin. 20:00etako euskarazko albistegia Nerea Reparazek aurkeztuko du denboraldi honetan.

Iparragirrek iragarri du abenduan beste berrikuntza bat iritsiko dela: Eta bihar zer?. Gazteen inkesta handi baten lerroburuetatik abiatuta, elkarrizketak egingo dituzte askotariko familiekin. Ondotik, eztabaida bat izango da. Leire Palaciosek aurkeztuko du saioa. Gazteekin osatutako Abiapuntua programa, berriz, abenduan itzuliko da.

Kiroletan, ETBko zuzendariak nabarmendu du Winter Series zesta punta txapelketa itzuliko dela. Astelehen gauetan emango dute.

Lau saio berri ETB2n

ETB2 kateko berrikuntzei dagokienez, Necesito ayuda dokumental programa estreinatuko dute. Prozesu psikologikoak eta erronka emozionalak lantzea izango du helburu. Mikel Santiago idazlearen eskutik, Los 7 pecados capitales saioa iritsiko da –Euskal Herriko hainbat krimen aztertuko dituzte–. Esto es una noche de rock & roll saioan adineko jendeak rock talde bat osatuko du. Javi Sierrak gidaturik, berriz, gastronomia saio berri bat iritsiko da ETB2ra: Trío de ases. Pandemiaren osteko zailtasunak gainditu nahi dituzten jatetxeei aholkularitza ematea izango du helburu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.