Euskal presoak

Euskal Herriratuak izateko eskaera ukatu die Jaurlaritzak bost euskal presori

Preso horiek «sustraitzerik» ez dutela argudiatu du Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Preso batzuen eskaerak aztertzeak «min» ematen duela adierazi du.

Euskal presoen eskubideen alde abuztuan Donostian egindako manifestazio bat, Sarek deituta. JON URBE / FOKU
2022ko irailaren 8a
13:52
Entzun

Espetxe politika hizpide izan du Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur goizean, Radio Vitoriari emandako elkarrizketa batean. Euskal presoek gradu aldaketarako eta hurbiltzeko egindako eskaerak hizpide hartuta, Artolazabalek jakinarazi du Jaurlaritzak ukatu egin dituela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetara hurbiltzeko bost presoren eskaerak, «sustraitzerik» ez dutela argudiatuta.

Baimenak eta hurbiltzeak eskatzen dituena edozein izanda ere, eskaera guztiak «zorroztasun» eta «zuhurtzia» berberarekin aztertzen dituztela adierazi du Artolazabalek, eta bost preso horien kasuan ez dutela egokitzat jo gerturatzea.

Kartzela politikan «bereziki zorrotzak» izan beharra dutela nabarmendu du Artolazabalek. Gradu aldaketei dagokienez, espetxe bakoitzeko tratamendu batzordeak aztertzen ditu eskariak lehenik, azaldu duenez, eta, egokitzat joz gero, Eusko Jaurlaritzak berriz aztertzen ditu. Hortaz, halakoak onartzean «legea betetzen» baino ez direla ari argudiatu du sailburuak.

Historia «oso odoltsua» duten presoak graduz aldatzeak edo hurbiltzeak herritarrei «mina» sorrarazten diela ere esan du Artolazabalek, eta min horrekin bat egiten dutela Eusko Jaurlaritzako kideek ere. Preso horien egoera aztertzea «oso gogorra» dela esan du, horiek egindakoak oroitzea baitakar. Hala ere, horrek ez luke legea betetzea eragotzi behar, Artolazabalen esanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.