Albistea entzun

Diru politika

EBZk 0,75 puntu igo ditu interes tasak, eta gehiago igoko dituela baieztatu du

Maileguak garestituta, ekonomia hoztu eta inflazioa apaldu nahi du banku zentralak. Prozesuak luze joko duela aitortu du: «Guk ezin dugu energiaren prezioa jaitsi».

Joxean Apeztegia Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2022ko irailak 8

Belatzen oihuak erabat estali du usoen urruma Europako Banku Zentralean. Inflazioa %9,1era iritsi zen abuztuan, eta udazkenean zehar bi zenbakitara iristea espero denez, prezioen gorakadari interes tasen igoera handiekin erantzuteko ahotsak bakarrik entzuten dira. Ondorioz, interes tasa ofiziala 0,75 puntu igo zuen atzo banku zentraleko kontseiluak, %1,25eraino, 2011 amaieraz geroztik ikusi gabeko maila bat da, eta «aho batez» hartutako erabakia izan dela azaldu du Christine Lagarde EBZko presidenteak. Usoak belatz bihurtu ditu inflazioak.

Interes tasa ofiziala ez ezik —bankuek EBZri dirua eskatzeko ordaindu beharreko interesa—, handitu egin du gordailuen tasa ere. Hainbat urtez, gordailu horiei tasa negatiboa eman izan die EBZk, bankuek sobran daukaten dirua erabil zezaten maileguak emateko, eta ez etekin txiki bat sortzeko banku zentraleko gordailuetan. Uztailean %0n utzi zuen, eta gaurdanik %0,75ean izango da.

Igoera handi horiek inoizko handienak izan dira, «ezohikoak», Lagardek berak onartu duenez, baina erabat esperotakoak, batez ere Isabel Schnabel EBZko kontseiluko kideak «sakrifizioak» egin behar zirela esan zuenetik, banku zentraletako arduradunek Jackson Holen (AEBak) uda amaieran egiten duten topaketan.

«Moteltze esanguratsua»

Sakrifikatu beharrekoa hazkundea da, Schnabelek eta EBZko beste kideek uste baitute orain lehentasuna prezioak kontrolpera itzultzea dela, eta horiek jaisteko modurik onena kontsumoa jaistea dela, horrek lanpostuen galera ekar badezake ere. «Langabezia handituko da», onartu du EBZk. Energia krisia eta atzeraldi hotsak gorabehera, Euroguneko langabezia tasa %6,6ra jaitsi zen uztailean, inoizko txikiena, eta hainbat sektoretan —eraikuntza, ostalaritza, industriaren arlo batzuk...— langile faltaz kexu dira enpresak.

EBZk berak onartu du hazkunde ekonomikoak «moteltze esanguratsua» izan duela azkenaldian, energia garestia herritarren erosteko ahalmena higatzen ari delako. Enpresen jardunari dagokionez, ekoizpena trabatzen zuten enbutuak oraindik ez dira desagertu, nahiz eta arinagoak diren.

Bankuak uste du BPG barne produktu gordina ez dela haziko urteko azken hiruhilekoan eta 2023ko lehenengoan. Atzera egiteko aukera badagoela onartu du Lagardek, baina soilik gertatuko dela Errusiak energiaren iturria erabat ixten badu, eta euroguneko herrialdeek hornidura alternatiboa aurkitzen ez badute.

Bere iragarpen berrituen arabera, aurten %3,1 haziko da eurogunea, %0,9 2023an, eta %1,9 2024an. 2022ko datua lehen baino hobea da (%2,8), baina okerragoa hurrengo urteotakoa (%2,1 bietan).

Hurrengo igoera, urriaren 27an

Inflazioa, berriz, batez beste %8,1koa izango da aurten, %5,5ekoa 2023an, eta %2,3koa, berriz, 2024an. Prezioen igoeraren osagai nagusia energia da, baina elikagaietatik igaro ondoren, jada «beste produktu eta zerbitzu batzuetara zabaldu da». Ondorioz, azpiko inflazioa, energia eta elikagai freskoak aintzat hartzen ez dituena, %3,9koa izango da aurten, eta %3,4 eta %2,3 hurrengo bi urteetan.

Kopuru horiek «izugarri handiak» dira, eta oso urrun daude EBZk bere buruari jarritako %2ko helburutik. Horretara hurbildu ahal izateko «maila neutral» bateraino handituko ditu interesak, hots, ekonomia sustatu gabe hura moteltzen ez duen maila bateraino. «Oraindik oso urrun gaude».

Hurrengo mugimenduak hurrengo bileretan izango direla hitzartu dute EBZko kideek, urriaren 27kotik hasita. Noiz arte? Kazetarien galderei erantzunez, Lagardek aurreratu du gutxienez bi igoera izango direla eta gehienez lau. «Oraingo baldintzetan», zehaztu du. «Tasei buruzko erabakiak jasotzen ditugun datuen araberakoak izango dira, eta bileraz bilera erabakiko dugu».

Akatsak prebisioetan

Ikusteko dago interes tasa igotzeak balioko ote duen prezioak kontrolatzeko. Izan ere, maileguak garestitzea eraginkorragoa da arazoa eskaria denean, eta oraingoan eskaintza izan da sorburua; energia garestia, alegia. Hala onartu du Lagardek: «Guk ezin dugu energiaren prezioa jaitsi. Beste batzuen lana da hori».

Prebisioetan akatsak egin izan izana onartu du Lagardek, baina argudiatu du erakunde guztiek egin dituztela, eta zaila dela aurreikuspenak egitea pandemia bat eta gerra bat gertatu direnean.

Euriborra, %1,9an

Interes tasa ofizialak igo ahala igotzen ari dira herritarrek eta enpresek ordaindutakoak ere, eta horien artean Euriborra. Urtebeterakoa %1,249ra heldu zen abuztuan eta %1,9tik gora dabil egunotan. Ehunka euro garestituko ditu orain eguneratu behar diren hipotekak.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

LAB sindikatuko kideek irailean Iruñean egindako elkarretaratzea, Nafarroako Auzitegiaren aurrean, epaiketaren harira. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Sententzia alde, errealitatea kontra

Edurne Elizondo

Epaileek ebatzi dute Glovoren banatzaileak soldatapekoak direla. Pablo Anton da auzitara jo duten langileetako bat. Ontzat jo du ebazpena, baina salatu du enpresak legea urratzen segitzen duela: «Glovo sortu zutenak epai ditzatela».
Maria Txibite eta Elma Saiz, Kongresuan, Hitzarmen Ekonomikoaren legearen aldaketa onartu zenean irailaren 29an. ©

Nafarroako Gobernuak 2020-2024 eperako ekarpena hitzartu du Madrilekin

Joxerra Senar

Bihar goizean koordinazio batzordea bilduko da eta arratsaldean emango dituzte azalpenak

Langile publikoak, Eusko Jaurlaritzaren administrazio orokorrean satzen ©Raul Bogajo (Foku)

Enplegu publikoaren legea onartu du Eusko Legebiltzarrak, PPri esker

Jokin Sagarzazu

Europako Batasunetik kanpokoek aukera izango dute Osakidetzan eta Ertzaintzan lan egiteko. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta sindikatuek salatu dutenez, arauak ez du amaiaraziko behin-behinekotasun handia.

Kutxabanken egoitza nagusia, Bilbon. ©Oskar Matxin Edesa (Foku)

Kutxabankek beste 150 milioi banatuko dizkiei dibidentuetan BBK, Kutxa eta Vital fundazioei

Jokin Sagarzazu

Aurten, 322,7 milioi euro jaso dituzte guztira. Dirua egitasmo sozialak garatzeko erabili behar dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.