Sindikatuak

ELAk Jaurlaritzari egotzi dio ez duela aintzat hartzen prezioen igoera handia

Idoia Mendiak sindikatuekin bilerak egin ditu gaur, baina LAB sindikatuarekin ez da halakorik izan, sailburua ez delako agertu. CCOOk soldatez harago doan errenta paktu bat eskatu dio Mendiari.

ELAko ordezkariak gaur, Idoia Mendia Enplegu sailburuarekin. IREKIA
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko irailaren 8a
18:58
Entzun

ELAren ustez Eusko Jaurlaritzak ez du prezioen igoera kontuan hartzen bere erabakietan. Mitxel Lakuntza idazkari nagusia Idoia Mendia lehendakariorde eta enplegu sailburuarekin bildu da garur, eta hala jakinarazi dio. Sindikatuaren iritziko, langile publikoen soldatak eguneratzean eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) lege proiektuan ikusten da «bizitzaren garestitzea» ez duela aintzat hartzen.

Bilera eguna izan du sailburuak. Iaz bezala, ELArekin, CCOOrekin eta UGTrekin bildu da ikasturteko lehen egunean. Hala ere, LABekin ez du bilerarik egin. «Mendia andreak agenda arazoak argudiatuz, parte hartzeari uko egin dio azken unean», azaldu du LABek. «Seriotasun falta eta arinkeria honen aurrean, gertatuak agerian uzten du Mendia andreak gaurkoan argazki soil bat besterik ez zuela bilatzen. LAB ez dago argazki hutsaletarako, langileok behar ditugun proposamenak eztabaidatu eta borrokatzeko baizik». LABek hitzordu berria eskatuko du, bere proposamenak aurkezteko sailburuari.

Egin diren bileretan adeitsu agertu ziren aldeak. Tonu onak, baina, ez du kritika leundu, ELA oso zorrotza izan baita bere balorazioan. CCOOk, aldiz, errenta paktuaren aukera jarri zuen mahai gainean, eta hura babesteko eskatu dio Jaurlaritzari.  

Inflazioaren gorakadak eta hari aurre egiteko bideek bilerak baldintzatu dituzte. KPIa %10,4koa da egun, eta Jaurlaritza langile publikoei eskaintzen ari zaizkien soldata igoerak hortik behera daudela leporatu zion Mendiari Lakuntzak. Langile publikoak «erosmen ahalmen galerarekin» zigortzen dituela esan zion, baita DSBEaren onuradunak ere: «Jaurlaritzaren politika zuhurra pairatzen dute».

Hori ez da izan sindikatu subiranistak Jaurlaritzari eginiko kritika bakarra, «jarrera antidemokratikoa» egotzi baito Lanbideko Administrazio Kontseilua eratzean. ELAren arabera, Enplegu Sailak  UGTri eta CCOOri eman die haren ordezkaritza eta banaketa hori ez dator bat langileek aukeraturikoarekin.

Loli Garcia Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak errenta paktuaren defentsa egin du Mendiarekin bileran, baina soldaten inguruko akordioa baino gehiago izan behar dela esan dio sailburuari: «Jaurlaritzak ezin du albo batera egin. Langile eta enpresarien arteko artekari hutsa baino gehiago izan behar da». Garciak, halaber, Mendiari jakinarazi dio paktu horretan ez duela onartuko langileek erosahalmenik gal dezaten. Zentzu horretan, mezu argia bidali zion: «Hitzarmena behar bezala bideratzen ez bada, gatazka egongo da».

Negoziazio gaiez harago bi sindikatuek bat egin dute zerga erreforma «ezinbestekoa» dela nabarmentzean, eta Jaurlaritzari gogoratu diote aldundien bitartez hori egiteko ahalmena duela. ELAk kapitalari eta errenta handiei ezarritako zergak handitzeko garaia dela esan dio, eta energia eta finantza erakundeen aparteko irabaziak zergapetzeko borondate falta leporatu. CCOOk, bere aldetik, enpresen irabazi tarteak murrizteko exijitu dio hiritarren «erosahalmena amildu ez dadin».

Enplegu sailburuak Confebask enpresaburuen elkartea hartuko du bihar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.