ELAk Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetako lan baldintzak salatu ditu

Sindikatuak elkarretaratzea egin du Basauriko kartzela parean. Espetxeetan sortutako «kaos egoera» salatu du eta zigorrak betetzeko zerbitzuaren ereduaz argibiderik ez ematea egotzi dio Eusko Jaurlaritzari.

ELAko ordezkariek Basauriko (Bizkaia) espetxe atarian elkarretaratzea egin dute. ELA SINDIKATUA
Edurne Begiristain.
2022ko irailaren 9a
12:06
Entzun

Gaur goizean protesta egin du ELA sindikatuak Basauriko (Bizkaia) espetxearen atarian Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako presondegietako lan baldintzak salatzeko. Sindikatuaren ustez, «onartezina» da Eusko Jaurlaritzak oraindik argitu ez izana zein den espetxeetan ezarri nahi duen zigorrak betetzeko euskal zerbitzuaren eredua, bere funtzionamendu egitura eta lanpostuak.

ELAren iritziz «kaos egoera» batean daude espetxeetako langileak, eta bata bestearen atzetik zerrendatu ditu arazoak: negoziatu gabe daude langileen kategoriak, ordainsarien osagaiak, ordutegiak eta lanaldiak, bai eta horiei dagozkien gainerako lan baldintzak ere. ELAren ustez, baldintza horiek ezartzea ezinbestekoa da lan enplegu publikorako eskaintza bat egiteko. Lan baldintzei lotutako neurri bakarra hartzea egotzi dio, halaber, Jaurlaritzari: lan poltsa sortzea. Haatik, lan poltsa horiek kolektiboaren eta presoen segurtasunaren kalterako dela arbuiatu du ELAk.

Sindikatuaren iritziz, «iparrorratzik gabeko politika» darama Jaurlaritzak, eta horrek bizikidetzan eta zentroetako oinarrizko funtzionamenduan arazoak sor ditzake. Horrekin batera, sindikatuak Eusko Jaurlaritzari galdegin dio martxan jar ditzala espetxeetako langileen etengabeko prestakuntzarako eta  langile berriak prestatzeko Ikasketetarako Euskal Zentroa eta langileak euskalduntzeko politikak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.