Erresuma Batua

Charles III.a: «Amaren memoria ohoratuko dut; zuen zerbitzuan naiz»

Errege etxeko buru bihurtu ondoko lehenbiziko agerraldia egin du Elizabeth II.aren semeak. Amaren ibilbidea laudatu du, eta hitzeman du «sutsuki» eginen duela lan. Bihar koroatuko dute.

Erresuma Batuko errege Charles III.a, gaur. NEIL HALL, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko irailaren 9a
19:43
Entzun

«Neure sakonetik ari natzaizue hizketan, minetik». Elizabeth II.a zendu ondoko lehenbiziko agerraldia egin du haren seme Charles III.ak, Erresuma Batuko erregeak. Ama hilda, zuzenean da Errege etxeko buru. Erresuma Batua eta munduko beste hainbat txoko oraindik ere Elizabeth III.aren heriotzak hartuak direlarik egin ditu adierazpenak errege berriak, herritarrei zuzenduz.

Ikusi gehiago: Elizabeth II.a hil da, aro bat amaituz

Amaren ibilbidea goraipatu du Charles III.ak, batik bat. «Haren bizialdian, eredu eta inspirazio iturri izan da niretzat eta nire familia osoarentzat. Nornahik bere amari zor dakiokeena zor diogu hari; emandako maitasunagatik, kariñoagatik, gidatu gaituelako, ulertu gaituelako eta eredu izan dugulako», adierazi du, aurpegiera goibelez.

Halaber, Charles III.ak zehaztu du jakitun dagoela mina ez dutela soilik Elizabeth II.aren senideek sentitzen. Elkartasuna eta esker oneko hitzak eskaini dizkie ez bakarrik Erresuma Batuko biztanleei, bai eta Commonwealtheko kide diren denei zein handik kanpokoei ere. «Izan ere, munduko herrialde askoren zerbitzuan izan zen erregina», esan du. Zehaztu du berak ere bide beretik segituko duela aurrerantzean: «Amaren memoria ohoratuko dut».

Elizabeth III.aren «umorea», «epeltasuna» eta «jendearen alderdi hoberenak ikusteko gaitasuna» nabarmendu ditu semeak. Eta zuzenean hari eskainitako hitzekin bukatu du hizketaldia: «Ama maitea, aita maitearekin bat egiteko bidaia hasi duzu orain. Bitartean, hau esan nahi dizut: eskerrik asko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.