Energia krisia

EBko kideak ez dira ados jarri gasaren prezioari muga bat jartzeari buruz

Argindarraren eta gasaren merkatuan esku hartzeko akordioa lortu dute Energia ministroek, eta Batzordearen esku utzi dute proposamen zehatzagoak egitea

GNL gas natural likidotua berriro gas bihurtzeko terminal mugikorraren inaugurazioa, gaur, Herbehereetako Eemshaven portuan. SIESE VEENSTRA / EFE
Iker Aranburu.
2022ko irailaren 9a
20:36
Entzun

Energia garestiaren prezioa jaisteko Europako Batasuna lantzen ari den neurri sortak beste urrats bat egin du, baina aste batzuk beharko ditu helmugara iristeko. Bilera luzea egin dute gaur Energia ministroek, eta agerian geratu zen ez dagoela adostasunik aztertzen ari diren neurri baten inguruan: gasari gehienezko prezio bat jartzea. Gauzak horrela, ministroek Europako Batzordeari eman diote pilota, eta batzuen eta besteen iritzia entzunda, asteartean proposamen bateratzaile bat egin beharko du. «Premiazko» neurriak irailean bertan onartzea da asmoa, eta ondoren heltzea argindar merkatuaren sakoneko erreformari.

Gasari muga bat jartzeaz gain, beste hiru atal izango beharko ditu Bruselaren proposamenak: energia enpresen irabaziak gutxitzea, energia eskaria txikitzea, eta argindar enpresa batzuek dituzten likidezia arazoak konpontzea. «Larrialdiko eta behin-behineko eskuhartzea» izango da, ministroek azaldu zutenez.

Lau gai horien artean gasarenak sortu du eztabaida biziena,  agian hura izan daitekeelako berehalakoan energiaren prezioa jaitsi dezakeen neurria. Hiru aukera daude mahai gainean: inportatutako gas guztiari gehienezko prezio bat jartzea; soilik Errusiako gasa mugatzea; eta ezer ez egitea.

Arazoa Errusiarekin dagoenez, haren inportazioak soilik zigortzea zen Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen hasierako asmoa, eta ildo horri eutsi dio gaur Kadri Simson Energia komisarioak: «Geure politiken helburua bada Errusiaren manipulazioei erantzutea, zentzuzkoa da Errusiako gasean zentratzea». Baina gutxienez hamar estatukidek ohartarazi diote hori egiteak onura baino kalte handiagoa ekarriko lukeela. Horien artean daude Italia, Austria, Txekiar Errepublika, Polonia eta Grezia.

Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak, bere aldetik, nabarmendu du gero eta gehiago EBk «herrialde adiskideetatik» inportatzen duela gasa, eta AEBak eta Norvegia aipatu ditu. Horregatik, «irtenbideak ez dira batzuek uste dutenak bezain sinpleak».

Mugen aurkakoek gogorarazi dutenez, Errusiak iragarri du gas fluxua erabat etengo duela gehienezko prezio bat jarriz gero. Ukrainako gerraren aurretik Errusia zen EBren gas hornitzaile nagusia, baina EBri presio egiteko gasbide batzuk ixten aritu da. Horrela, iazko uztailean egunean 300 milioi metro kubiko gas bidaltzen zituen Errusiak EBra, eta azken egunotan 84 milioi baizik ez dira izan.

Gainera, bada beste arazo bat: herrialde baten inportazioei soilik prezioa mugatzea zigor gisa uler daiteke, eta horrelakoetan EBko 27 kideen ahobateko oniritzia behar da. Halakorik ez duela onartuko argi esan du Viktor Orban Hungariako lehen ministroak.

Gehiegizko irabaziak

Adostasun handiagoa dago beste kontu batean: energia konpainiek lortzen ari diren mozkin handiak erabili behar dira herritarren energia gastu arruntak arintzeko. «Elkartasun kontribuzioa» deitu dute EBko Energia ministroek, eta petrolio eta gas konpainiek ordaintzea da asmoa. Baina iturri berriztagarriekin eta nuklearrarekin ekoitzi ondoren irabazi mardulak lortzen ari diren argindar konpainien irabaziei ere mugak jarri behar zaizkiela uste dute EBko kideek.

Irabazi potoloak dituzten argindar enpresekin batera, likidezia arazo serioak dituztenak ere badaude, merkatuetan argindarra erosi behar dutenak hain zuzen ere. Izan ere, gerokoen merkatura joan ahal izateko berme batzuk jarri behar dituzte, eta argindar garestiak horien kostua handitu du. Horiei laguntzeko tresna bat sortuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.