SUEDIA

Suediako alderdiek diskurtsoa gogortu dute ultren gorakadari aurre egin ahal izateko

Parlamenturako hauteskundeak egingo dituzte bihar Suedian. Inkesten arabera, zentro-ezkerreko blokeak irabaziko ditu, baina oso aldea txikia aterako dio eskuineko eta eskuin muturrekoari.

Magdalena Andersson lehen ministroa eta sozialdemokraten hautagaia, kanpainako ekitaldi batean. EFE
Igor Susaeta.
2022ko irailaren 10a
18:35
Entzun

Suediako Parlamenturako hauteskundeak egingo dituzte bihar, eta, sekulako ezustekorik ezean, ohi bezala Alderdi Sozialdemokratak irabaziko ditu. Horrek ez du esan nahi, ordea, Magdalena Andersson alderdiko liderrak lehen ministro izaten jarraituko duenik. Politikoki bi bloketan banatuta dago herrialdea, eta inkesta gehienen arabera zentro-ezkerrekoa gailenduko da, nahiz eta zundaketek adierazten duten eskuineko zein eskuin muturrekoari alde oso-oso txikia aterako diola. 2018ko bozetan estua izan zen emaitza, eta 134 egun behar izan zituzten gobernua osatzeko; inoiz baino gehiago Suedian. Demoskop etxeak gaur kaleratu duenez, zentro-ezkerreko blokeak 175 aulki lortuko ditu, eta eskuinekoak zein ultrenak 174. Zundaketa horiek diote, gainera, SD Suediako Demokratak alderdi xenofoboa izango dela bloke horretako indar nagusia, eta bigarren alderdi bozkatuena

Gorantz egin du 2010ean parlamentuan aurrenekoz ordezkaritza lortu zuenetik, eta, horren ondorioz, nagusiki, sozialdemokratek immigrazioaren kontrako diskurtsoa gogortu dute botorik ez galtzeko. Duela urte batzuk arte EB Europako Batasuneko migrazio politika irekienetakoa zuen Suediak, baina 2015eko errefuxiatuen krisitik hori gogortzen joan da pixkanaka, eta, esaterako, asiloa eskatzeko eta bizileku baimena zein lan egitekoa lortzeko baldintzak zaildu ditu. Anderssonek, gainera, aldaketa horiek goratu izan ditu.

Azkeneko 86 urteetan parlamenturako egindako hauteskunde guztiak irabazi dituzte sozialdemokratek, eta 69 urtez agintean egon dira. Lehen ministro izaten jarraitzeko, ekologisten, Ezkerreko Alderdiaren eta Zentroko Alderdiaren babesa beharko luke Anderssonek. Blokeko indarren arteko harremanak ez dira onenak, ordea. Zentrokoek esan dute, esate baterako, prest daudela aurrenekoz gobernuan sartzeko, baldin eta Ezkerreko Alderdia kanpoan gelditzen bada.

Beste blokeak ere pitzadurak dauzka. Liberalek esan dute ultrekin adostasun batera heltzearen aurka daudela. Aliantzako alderdirik ahulena da, ordea. Alderdi Moderatuak adierazi izan du azkeneko urteetan inoiz ez lukeela koalizio bat osatuko eskuin muturrarekin, baina kontserbadoreen lider Ulf Kristerssonek esan zuen orain hilabete batzuk ultrena indar «eraikitzaile bat» dela. Joan den azaroan aurrekontuetarako akordio bat egin zuten ultrek, kontserbadoreek eta demokristauek, eta Anderssonek horiekin eta bakarrik gobernatu behar izan du azken bederatzi hilabeteetan, ekologistek aurrekontu hori kudeatzeari uko egin ziotelako.

Mugarri bat izan zen urte bukaeran gertatutakoa, 2010ean parlamentuan ordezkaritza lortu zutenetik ultrei ezarri zieten betoa hautsi zutelako eskuineko alderdiek. Dena den, hauteskundeetan bloke horretako lehen indarra izanda ere, ez dirudi Jimmie Akesson lehen ministro izan daitekeenik. Iradoki izan du, hori bai, Justizia ministro izatea gustatuko litzaiokeela. SD alderdia ari da proposatzen, hain zuzen, edozein arau hauste egiten duten atzerritarrak deportatzea; kriminalitate tasa handiak dituzte auzoak eraistea; edo, besteak beste, eskaleak zigortzea. Horiek horrela, eta eskuin muturraren politikei aurre egiteko, Suediako analista batzuk planteatzen ari dira Alemanian egin izan denaren moduko koalizio handi bat osatzea, kontserbadoreek eta sozialdemokratek elkarrekin goberna dezaten.

Energiaz hitz egiten

Nagusiki krimenaren aurkako borrokaz, immigrazioaz eta energiaren prezioez mintzatu dira alderdiak kanpainan. Lehen auziari erantzuteko, alderdi nagusiek proposatzen dute zigorrak handitzea eta polizia gehiago egotea kalean. Energiaren alorrean, bestetik, zentro-ezkerreko blokeak planteatzen du energia berriztagarrien alde apustu egitea epe ertain zein luzera. Errusiak Ukrainan hasitako inbasioaren ondoren argindarraren eta erregaien prezioan izandako gorakadari erantzuteko, beste blokeak planteatzen du erreaktore nuklear gehiago eraikitzea. Suediak 2010en kendu zuen erreaktore gehiago eraikitzeko 1980etik indarrean zegoen debekua.

Eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeaz ere hitz egin dute kanpainan. Ukrainako gerraren nondik norakoak kontuan hartuta, Suediak duela lau hilabete egin zuen Mendebaldeko aliantza militarreko kide bihurtzeko eskaera, eta orain  hori berretsia izan zain dago, nahiz eta NATOk onartu egin zuen ekain amaieran. Ekologistak eta Ezkerreko alderdia aliantzako kide bihurtzearen aurka daude. Iritzi berekoak ziren sozialdemokratak eta ultrak ere inbasioa hasi aurretik. Kontserbadoreak, aldiz, alde zeuden, eta, horregatik, berreste prozesua azkartzeko «erabakitasuna» eskatu dio Kristerssonek Anderssoni.

 

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.