Kontxako Bandera

Urdaibaik irabazi du Kontxako Bandera

'Bou Bizkaia'-k irabazi duen seigarren Kontxako Bandera da. Bigarren jardunaldian ere bermeotarrak izan dira azkarrenak, nagusitasunez. Donostiarrak bigarren lekua kendu dio Hondarribiari.

Urdaibairen trainerua, Donostian, lehen jardunaldian. FOKU
Aitor Manterola Garate.
2022ko irailaren 11
12:51
Entzun

Gorka Aranberrik esandakoak gaurko estropada bukatu eta segituan: «Talde hau gaurkoa bezalako aberiak egiteko osatuta zegoen, eta gaur lehertu da». Eztanda Hondarribian entzun da, hango alardearen tiro hotsak igaro eta hiru egunera. Txikitu egin du gertuen zeukan aurkaria, lehen luzetik, eta estropada atera berritan. Irabazlea hirugarren kaletik joan da, eta Hondarribia, bigarrenetik. Irteera eman orduko segundoa sartu dio, bi segituan, eta konturatzerako eta ziaboga oso urruti zegoenean oraindik, lauzpabost segundora zabaldu dio koska.

Ikusi gehiago:Zuzenean jarraitu du BERRIAk.

Donostiarra zen beste hautagaia bandera irabazteko. Hondarribia lehen egunean Urdaibaitik 7,64 segundora bazen, 7,70era zen Donostiarra. Laugarren kaletik joan da gaur, eta kanpora joateko ez zuen onena ematen, goiz osoko joerak ikusita. Getaria ibili da lehen kaletik. Giroa ezberdina zen badia barruan, eta hortik kanpo. Bare barruan, lasai: kanpoan, ez hainbeste. Nahasia ez, baina haizea indarrarekin zebilen. Ur lasterrak ere bizi-biziak, eta ura gora emanda jokatu dute txanda. Eragile horiek zenbateko eragina izan duten dakitenei galdetu beharko.

Kirolean, talde batek bi kezka izaten ditu: bat, talderen beraren esku dagoena egitea. Bestea, bere esku ez daudenak dira. Kontxako eremua bihurria da, gaiztoa. Estropadak sona ikaragarria du, eta ez da askotan erakusten eremua eta justizia ez direla elkarren lagun izaten. Urdaibaik berea egin beharra zeukan, eta bai egin ere. Sekulako taldea osatu du Iker Zabalak, eta lehertu da azkenean. Hark jakingo du prestakuntzaren goia irailean jotzeko taxutua izan duten, baina gaur behintzat, goia jo du.

Hasi orduko hartu du estropada burua. Estrategia onena horixe: aurretik atera lehen egunetik, eta aurkariei jolaserako tentazioa kendu nahi. Donostiarrak bakarrik eutsi dio kanpora, eta nola gainera. Eremuaren ababor aldeko izkinatik, Santa Klara uharteko bihurrikeriei ihes egin nahian, bermeotarren babesera joanda hasieran, hortik urrunduta gero. Bakarrik hobeto moldatu da, eta lortu ezina zirudiena lortu du: Urdaibai baino azkarrago sartzea ziabogan. Segundoa baino ez, baina estropada eta bandera irekia mantentzeko, nahikoa. Hondarribia jota zetorren, hamar segundora, eta Getaria 18ra, beste borroka batean.

Bandera irekita zegoela konturatuta edo estrategia tarteko, Urdaibaik kolpea jo dio itsasoari. Urak harrotu ditu, aparra atera, eta konturatzerako, bizpahiru segundo jan dizkio Donostiarrari. Arraunean sendo eta indartsu eginez, teknikari omenaldia osatuz, erakustaldia eman du Zabalaren taldeak bueltako luzean (ere). Hirugarren kaleari eutsiz badian barruan sartu arte, aldea handituz joan da. Hamar-hamaika ere bai. Gero, badian barruan, ababor aldera bezala egin du Aranberrik, eta festa lehertu da traineruan, lana osatu gabe egonda ere. Patroiak omenaldi gozoa egin die arraunlariei banaka, bakoitzaren palmaresa goraipatuz. Zazpigarren aldiz astindu du gero bandera Aranberrik, eta patroiek olinpoan beste koska bat egin du gora zarauztarrak.

Donostiarrak ere badu omenaldiaren gozoa. Estropada handia eginda, bigarren egin du gaur, 8,55era. Eta sailkapen nagusian bigarren lekuaren jabe eginda, Hondarribiari aurrea hartuta. Historikoa. Berdeek 2,55 segundo galdu dituzte gaur. Mundua. Espero ez zena. Espero zena zen bukaeran kiroltasunez agurtzea irabazlea, eta horixe egin du Mikel Orbañanosek, lehendabizi uretan, eta lehorrean gero, adierazpenetan. Getaria 35,03ra sartu da bigarren txanda. Hauentzat ere omenaldia motz geratuko da. 43 urteren ondoren Kontxan aritu, eta gaur laugarren lekuari ezin izan badio eutsi ere, bosgarren lekuan doaz etxera.

Urdaibai, Donostiarra. Hondarribia, Orio eta Getariaren atzetik, bi egunak kontuan hartuta, Zierbenak, Kaikuk eta Ondarroak egin dute. Gaurko hurrenkera, berriz, hau izan da: Urdaibai, Donostiarra, Hondarribia, Zierbena, Orio, Getaria eta Ondarroa.

Aurreneko txanda ezkutuan bezala geratzen da gaurko egunez, eta merezi dute horiek ere aipamena. Lehia bizi-bizia izan dute Oriok, Zierbenak, Kaikuk eta Ondarroak. Bederatzi segundoan sartu dira helmugan. Orio aurretik, baina epaileak bandera horia atera dio bueltako luzean, Kaiku uberan jarri zaionean. Baten popak eta bestearen proak ia elkar jo dute. Hiru segundoko zigorra izan du Oriok, eta txanda Zierbenak eraman du, oriotarren, Kaikuren eta Ondarroaren aurretik.

Ikusi gehiago:Orio nagusi Kontxan ere

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.